Gizartea -

EPAIA

Sei urteko zigorra 81 urteko bati, Bilbon 82 urteko beste gizon bat hiltzeagatik

Gainera, 57.602 euroko kalte-ordaina pagatu beharko du erantzukizun zibil gisa.

Hilketa gertatu zen tokia, Santutxun. Artxiboko argazkia: EFE
Hilketa gertatu zen tokia, Santutxun
Hilketa gertatu zen tokia, Santutxun. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak sei urteko kartzela zigorra ezarri dio 81 urteko gizon bati, 2020ko apirilean Bilbon 82 urteko beste gizon bat hiltzeagatik. Halaber, auzipetuak 57.602 euroko kalte-ordaina pagatu beharko du erantzukizun zibil gisa. Zehazki, 21.301 euro ordaindu beharko dizkio biktimaren bi semetako bakoitzari eta 15.000 euro, ostera, bikotekideari.

Gaur argitaratutako epaiaren arabera, kondenatutako gizonak hildakoarekin topo egin zuen 2020ko apirilaren 29an Bilboko Santa Clara kalean. Hildakoa bikotekidearen zain zegoen 14. atariaren pareko denda baten kanpoaldean.

Akusatuak biktimari atzetik jarraitu zion Santa Clara kaleko 12. Atariraino, eta aparkatuta zeuden bi ibilgailuren artean bien arteko liskarra hasi zen. Epaimahaiak ondorioztatu duenez, biktimak eta akusatuak "aurretik desadostasunak" zituzten.

Borroka horretan, labana bat atera zuen eta "hiltzeko gogoak gidatuta" bederatzi labankada eman zizkion. Erasoaren ondotik, biktimarengandik aldendu eta bertan zeuden pertsonen aurrean ondorengoa esan zuen: "Ez dakizue gizon honek zer egin didan bizitza guztian".

Ondoren, eskuineko eskuan labana zuela Haro plazarantz abiatu zen, "ez nau gehiago gogaituko" oihukatuz.

Biktimak, berriz, pauso batzuk egin zituen lurrera erori eta minutu batzuk geroago bertan hil zen arte.

Epaiaren arabera, akusatuak nahasmendu neurokognitibo arin bat zuen erasoaren unean.

Hori dela eta, epaimahaiak sei urteko kartzela zigorra ezarri dio hilketagatik, eta aringarri gisa onartu dizkio buruko nahasmendua izatea eta eragindako mina arintzeko borondatea erakustea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Euskal hiriburuak Azken ordukoa Bizkaia Epaiketak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea