Gizartea -
BIZKAIA
Galdakaon aurkitutako Gerra Zibileko obus bat leherrarazi du Ertzaintzak
Ertzaintzak lehergailuak desaktibatzeko protokoloa aktibatu du Txomin Egileor errepidean egiten ari diren obretako langile batek 40 zentimetro inguruko obus bat aurkitu duela iragarri duenean.
N.B. | EITB MEDIA
Ertzaintzaren Lehergailuak Desaktibatzeko Unitateak gaur goizean Galdakaoko Merkadillo industrialdean (Bizkaia) aurkitu duen Gerra Zibileko obusa zartarazi du, leherketa kontrolatu baten bidez.
Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez, 08:12 aldera, Galdakaon, Txomin Egileor errepidean, Ibaizabal ibaitik gertu, egiten ari diren obretako beharginak jakinarazi du 40 zentimetro inguruko obus bat aurkitu dutela.
Abisua jaso ostean, Ertzaintzak lehergailuak desaktibatzeko protokoloa aktibatu du eta ingurua hesitu du.
Horrez gain, inguruko pabiloi industrialak hustu ditu eta tren zirkulazioa eten du jaurtigaia desaktibatzeko beharrezkoa izan duten denboran.
Txomin Egileor kalea itxita Galdakaon. Argazkia: Radio Euskadi.
Ertzaintzako adituen arabera, 100 milimetroko kalibreko artilleriazko jaurtigai bat zen, 464 milimetroko luzera eta 15,5 kiloko pisua zuena; 1,5 kiloko trilitazko karga leherkorra zeukan eta espoleta zuen.
Jaurtigaiaren neurrriak. Argazkia: Ertzaintza.
Ertzaintzaren Lehergailuak Desaktibatzeko Unitateaz gain, herritarren babeserako patruilek, Galdakaoko Udaltzaingoak eta suhiltzaileek parte hartu dute dispositiboan.
Lehergailuak modu kontrolatuan eztanda egin ondoren, gailua altxatu dute goizeko hamaikak aldera. Ordutik aurrera, normaltasuna berreskuratu dute zonaldean.
Langile bat detonazioak utzitako zuloari begira. Argazkia: EFE.