Gizartea -

Koronabirusa

"Gabonetan egindako akats bera egiteko zorian gaude", Bengoaren ustez

Osasun sailburu eta MOEko Osasun Sistemetako zuzendari izandakoak "konfinamendu zorrotza" proposatzen du gaur egun ditugun neurriak ez direlako aski aldaera britainiarren aurka.

Bengoa, EFEren artxiboko argazki batean.
Rafael Bengoa.
Bengoa, EFEren artxiboko argazki batean.

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rafael Bengoa Jaurlaritzako Osasun sailburu eta Munduko Osasun Erakundearen (MOE) Osasun Sistemetako zuzendari izandakoaren ustez, Gabonetan eta udan "egindako akats bera egiteko zorian gaude". Hala, Aste Santua salbatzen ez saiatzeko eskatu du, helburua kutsatzeak murriztea bada behintzat.

Herri Irratian egin dioten elkarrizketa batean, egoera epidemiologikoa aztertu, eta olatu berri baten arriskuaz ohartarazi du Bengoak. Aitortu duenez, aldaera britainiarra nagusitzen ari da, eta "horren aurrean ditugun neurriak ez dira aski".

"Neurriak eraginkorrak ziren aurreko aldaerarekin, baina britainiarrarekin gehiago kostatuko zaigu. Beraz, neurriak malgutzea da egin behar den azkena. Ez gara Aste Santua salbatzen saiatu behar", adierazi du.

Horren ildoan, Gabonetan eta aurreko udan egindako "akats bera egiteko zorian" gaudela esan du. "Ematen du ez dugula inoiz ikasi behar", erantsi du.

Nabarmen duenez, epidemiologian "lehen neurria beti da mugikortasuna murriztea, eta hori egiten ez bada, eta, gainera, gutxi txertatzen baduzu, arazoak izango dituzu". Bengoaren esanetan, Asiako herrialdeek darabilten estrategia kopiatu beharko genuke, "konfinamendu zorrotzagoak baina laburragoak" eginez.

"Gure lehen konfinamendu erabatekoak funtzionatu zuen, horregatik ez dut ulertzen azaroan gauza bera egiteko eskatu nuenean ez ulertzea. Hilabetez itxita egon izan bagina, Gabonetan ez zen zabalduko. Konfinamendu zorrotzagoak dira orain gomendagarrienak", azpimarratu du.

Bengoaren esanetan, Espainiako Estatua da gaur-gaurkoz "Europa osoan libreen dabilen Estatua eta murrizketa gutxien duena". Bestalde, udarako dituen aurreikuspenez galdetuta, esan du ez duela uste ordurako artalde immunitatea lortuko dugunik, eta heriotza-tasak behera egingo badu ere "birus asko" egongo dela ohartarazi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gabonak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Aste Santua Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Uda Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Munduko Osasun Erakundea Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak