Gizartea -
KORONABIRUSA
140 salatu eta 2 atxilotu izan dira covid araudia urratzeagatik Hego Euskal Herrian
Foruzaingoak 94 pertsona salatu ditu San Jose Zubian eta Ertzaintzak beste 50. Gehienak festan eta botiloia egiten aritzeagatik.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
140 pertsona salatu dituzte eta bi atxilotu, San Jose Zubi honetan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, covid-19 araudia urratzeagatik.
Nafarroako Foru Poliziak 94 salaketa jarri ditu: 28 konfinamendu perimetrala urratzeagatik, 19 maskara ez erabiltzeagatik edo gaizki erabiltzeagatik, 14 aforoa gainditzeagatik (bai eremu publikoan bai pribatuan), 13 etxeratze agindua urratzeagatik, 11 botiloiagatik bost kalean distantzia errespetatu gabe erretzeagatik eta 4 ostalaritzan, aforo edo ordutegia ez errespetatzeagatik.
Gainera, herritarrek deituta, 23 interbentzio egin dituzte: Allotzen (aforo gehiegi), Altzuzan (balizko festa urbanizazio pribatu batean, ezin izan zen baieztatu), Antsoainen (botiloia), Aoizen (festa etxe batean. Jabea ospitalera eraman zuten intoxikazioagatik), Barañainen (festa etxe batean), Beriainen (20 lagun maskara gabe), Castejonen (aforo gehiegi taberna batean), Elizondon (botiloia), Orkoienen (botiloia) eta Iruñean (aforo urraketa taberna batean), besteak beste.
Ertzaintzak, bestalde, 50 lagun salatu ditu eta bi atxilotu: aurrez atxilotze agindua zuen gizon bat eta identifikatzean ertzaina bati eraso egin omen zion neska bat.
Donostian, nazionalitate frantses eta portugeseko 16 pertsona salatu zituzten larunbatean, Euskal Herrira aisi arrazoiengatik etortzeagatik eta bileretarako ezarritako lau pertsonako muga gainditzeagatik. Horietako batek Cartagenako epaitegi batek jarritako atxilotze agindua zuen, gainera, eta hala egin zuten.
Bilbon, Santutxu auzoko lonja batean gertatu zen beste atxiloketa 01:00 aldera. Ertzaintzak 5 pertsona edaten harrapatu zituen eta identifikatzerako garaian, 21 urteko neska batek irain eta eraso egin zion, antza denez, ertzaina bati. Desobedientzia larria eta autoritate agentearen kontrako atentatua leporatzen diote.
Donostian, gainera, 20 pertsona salatu zituzten Amezketa kalean festa bat egiteagatik eta Durangon beste 10, etxe bateko lorategian festa egiteagatik.