Gizartea -
KORONABIRUSA
Baheketa egingo dute Ermuko Abeletxe adinekoen egoitzako langile ez txertatuen artean
Martxoaren 1etik gaur arte egoitza bisitatu duten senideei ere baheketan parte hartzeko dei egin diete.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Bizkaiko Foru Aldundiak prebentziozko baheketa egingo du larunbat honetan Ermuko Abeletxe adinekoen egoitzan. Zehazki, txertorik jaso ez duten langileek eta bertan dauden egoiliarren senideek hartuko dute parte baheketan.
Abeletxe egoitzaren ondoan dagoen eguneko zentroan egingo dizkiete PCR probak. Langile ez txertatuez gain, martxoaren 1etik gaur arte egoitzan bisitan izan diren senitartekoak ere deitu ditu Foru Aldundiak. Guztira, 152 pertsonarekin jarri dira harremanetan, hitzordua hartu dezaten.
Iazko uztailetik PCR probak egiten dituzte aldian behin zahar egoitzetan, positiborik ba ote den ikusteko, eta oraingo honetan Ermuan egitea erabaki dute, herria gune gorrian dagoelako.
Bizkaiko Foru Aldundiak gogorarazi duenez, transmisio komunitarioa dagoen guneetan ohikoa da horrelako baheketak egitea, zentro horietan bizi direnen artean birusa zabaltzea eragozteko.