Gizartea -
Alarma-egoera
Ertzaintzak kontrolak areagotuko ditu asteburu honetako zubian
Udalerrien artean mugikortasuna librea bada ere, Euskal Autonomia Erkidegoko mugak itxita daudela gogorarazi dute agintariek.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Ertzaintzak eta udaltzaingoek kontrol-gune gehiago jarriko dituzte ostegunetik igandera bitartean, San Jose zubia dela eta. Euskal Autonomia Erkidegotik irtetea edo bertan sartzea debekatuta dago eta neurri murriztaile hori betetzen dela bermatuko dute.
Erkidegoko mugak itxita badaude ere, EAE barruan mugikortasuna librea da eta, ondorioz, errepideetan joan-etorri asko izango dela espero dute.
Pandemiaren ondorioz indarrean dagoen dekretuaren arabera, aisialdirako edo bigarren etxebizitza batera joateko EAEtik irtetea edo bertan sartzea debekatuta dago.
Behar bezala justifikatuta dauden eta funtsezko arrazoiengatik soilik izango da posible erkidegotik ateratzea edo bertan sartzea, hala nola lan kontuengatik, osasun arrazoiengatik edo adin txikikoak, adinekoak edo menpekotasuna duten pertsonak zaintzeko.