Gizartea -
Gasteiz
Jaurlaritzak oniritzia eman dio EUNEIZ unibertsitate pribatuari
Baskoniak eta Alavesek bultzatutako proiektua da. Teknologia berriekin eta kirol eta osasun zientziekin lotutako ikasketak eskainiko ditu. Litekeena da datorren ikasturtean martxan egotea.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du, gobernu bileran, EUNEIZ unibertsitate pribatua sortzeko legea. Baskoniak eta Alavesek sustatutako proiektuari Eusko Legebiltzarraren onespena baino ez zaio geratzen, horrenbestez. Hala, litekeena da datorren ikasturterako martxan egotea, tituluen homologazioa lortuta.
Lege-proiektuaren arabera, EUNEIZ unibertsitateak goi-mailako unibertsitate-hezkuntza eskainiko du, teknologia berrien eta kirol eta osasun zientzien arloak integratuta. Teknologia berrien eta ekonomia digitalaren esparrua entretenimenduaren, bideo-jokoen eta joko aplikatuen industriara bideratua egongo da. Osasun zientzien esparrua, berriz, kirol-zuzendaritzaren eta berregokitzearen eremuetara egongo da zuzenduta, batez ere.
Ikasleak erakartzeko lanetan hasi da unibertsitatea. Aurreikuspenen arabera, 200 bat ikaslerekin abiatuko dira, eta graduen eskaintza osatzen dutenean, 1.500 izango direla uste dute. Kostuari dagokionez, ikasturte bakoitzeko 8.000 euro inguru ordaindu beharko dira.
Ikasketak lau hizkuntzatan eskainiko ditu EUNEIZek: gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez.