Gizartea -

AstraZeneca

Indurainek "lasaitasuna" eskatu eta txertoa segurua dela berretsi du

Nafarroan 17.251 dosi inokulatu dituzte, eta ez da kontrako erreakziorik detektatu. Nafarroako Osasun kontseilariak esan duenez, AstraZenecako txertoak eraginkorra izaten jarraitzen du.

Etetea zuhurtzia-printzipioan oinarritutako aldi baterako neurria da. Argazkia: EFE.
AstraZeneca txertoa
Etetea zuhurtzia-printzipioan oinarritutako aldi baterako neurria da. Argazkia: EFE.

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak "konfiantza eta lasaitasun" mezua bidali die herritarrei, AstraZenecaren txertoa bertan behera utzi ostean, eta "eraginkorra izaten jarraitzen du", esan du. Ildo horretan, txertaketa prozesu osoan "segurtasuna da nagusi", azpimarratu du.

Nafarroak, Osasun Ministerioarekin eta gainerako erkidegoekin bat etorriz, kautelaz eten du txerto hori emateko prozesua, baina 17.251 dosi jarri dituzte orain arte kontrako erreakziorik atzeman gabe.

Aldi baterako neurria da, bi astekoa, zuhurtasun-printzipioan oinarritua, eta Medikamentuaren Europako Agentziaren Zaintza Farmakologikoko Arriskuen Ebaluaziorako Batzordea asteburu honetan Europan jakinarazitako tronbosi efektu berriei buruz egiten ari den azterketaren zain dago.

Parlamentuko batzordean agerraldia egin aurretik hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, kontseilariak azaldu du erabaki hori hartu dutela "garuneko sinuaren zainetako tronbosi kasu ezohiko bat" atzeman dutelako, eta aztertzen ari dira "txertoa ematearekin aldi baterako harremana izateaz gain kausazko harremana duen" ikusteko.

Txertoa, irizpen guztien eta AstraZenecaren ebidentzia zientifikoaren arabera, "eraginkorra eta segurua" da, eta gaineratu du Nafarroako Txertaketa Estrategian jasotako 3c eta 3b taldeetako 18 eta 55 urte bitarteko biztanleei jartzen ari zaiela; besteak beste, fisioterapeutei, podologoei, hortzetako protesikoei eta logopedei.

Halaber, funtsezkotzat jotzen diren kolektiboetako kideei (segurtasun-indarrak eta -kidegoak, larrialdietako langileak, irakasleak eta Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako langileak) jarri diete.

Indurainen esanetan, Espainiako Estatuan AstraZeneca txertoa hartu duten 940.000 pertsonen artean, bada horrelako gertaera tronbotikoa duen kasu bat, eta "zorionez hobera egiten ari da".

Nafarroan, farmakozaintza sistemak txertoaren ondorio kaltegarri guztiak jasotzen ditu, eta horien % 95 arinak dira; AstraZenecaren kasuan, berriz, ondorio horiek % 99koak dira. Sukarra, injekzioa jarritako tokian mina, buruko mina, giharretako mina edo ondoeza ohikoak dira, eta, oro har, 12 eta 24 ordu bitartean irauten dute.

Txertoa emateko prozesua kautelaz eten ondorioz, aste honetan txertoa hartzeko zitazioa jaso duten 700 pertsonak ez dute oraingoz jasoko, eta oraindik eman ez dituzten dosiak immobilizatu egin dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea