Gizartea -

Koronabirusa

AstraZenecaren txertoari buruz jakin beharreko guztia

Bi dosi eman behar dira, 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago eta Estatuan 55 urtetik beherako funtsezko langileei eman diete.

AstraZenecaren txertoa. Artxiboko argazkia: EFE
AstraZenecaren txertoa.
AstraZenecaren txertoa. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19ari aurre egiteko AstraZeneca enpresa-farmazeutikoak eta Oxfordeko Unibertsitateak landutako txertoak % 60 inguruko eraginkortasuna erakutsi zuen froga klinikoetan. Sendagaien Europako Agentziak onartu duen lau txertoetako bat da.

Bi dosi eman behar dira, eta bigarrena hartzeko 4-12 aste itxaron behar dira.

AstraZenecaren txertoa 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago eta Espainiako Estatuan 55 urtetik beherako funtsezko langileei eman diete, besteak beste, lehen lerroan aritzen ez diren osasun arloko langileei, irakasleei, suhiltzaileei eta poliziei.  

Txertoa 2 eta 8 gradu arteko hozkailuetan gorde daiteke eta gutxienez sei hilabetez izan daitezke baldintza horietan.

Birusari aurre egiteko antigorputzak eta globulu zuriak sortzeko ahalmena ematen dio sistema immunologikoari. Txertoa egiteko erabili diren osagaiek ezin dute covid-19a eragin, Espainiako Sendagaien Agentziak azaldu duenez.  

Gainerako txertoekin gertatzen den moduan, litekeena da bigarren mailako ondorioak eragitea, pertsona guztiek pairatzen ez badituzte ere. Ondorio ohikoenak hauek dira: mina, azkura edo ubeldura txertoa jarritako tokian; nekea edo ondoez orokorra; hotzikarak edo sukarra izatearen sentsazioa; burukomina; gaixorik sentitzea; artikulazioetako edo giharretako mina.  

Badira bigarren mailako beste ondorio batzuk ere: gorriunea edo handitua izatea txertoa jarritako tokian; sukarra; goragalea; edo beherakoa.

Gehienetan, ondorio horiek arinak edo moderatuak izaten dira eta egun gutxiren buruan desagertzen dira. Halaber, ondorio gutxiago izaten dira bigarren dosia hartu ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea