Gizartea -

ELKARTASUNA

Olabide Ikastolak eta Amor Sin Barreras GKEak haurtzaindegi bat kudeatuko dute Kenyan

"Turkanako 100ak" proiektuaren helburua 30 umerentzako haurtzaindegi bat kudeatzea da, hiru urteko epean. Horretarako, 100 enpresaren laguntza behar dute.

"Turkanako 100ak" proiektuak haurtzaindegi bat eraikiko du Kenyan. Argazkia: Amor Sin Barreras GKE
"Turkanako 100ak" proiektuak haurtzaindegi bat eraikiko du Kenyan
"Turkanako 100ak" proiektuak haurtzaindegi bat eraikiko du Kenyan. Argazkia: Amor Sin Barreras GKE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Olabide Ikastolak eta Amor Sin Barreras GKEak hitzarmena sinatuko dute asteartean "Turkanako 100ak" proiektua gauzatzeko, Turkanako Lokitaung herrian (Kenya) 30 umerentzako haurtzaindegi bat kudeatzeko.

Proiektua aurrera eramateko eta haurtzaindegia hiru urteko epean martxan egongo dela bermatzeko, 100 enpresaren laguntza behar dute, eta horietako bakoitzak 1.000 euroko ekarpena egin beharko du.

Olabide Ikastolako zuzendari Ziortza Gilek azaldu duenez, ikastolak urteak daramatza ikasleekin elkartasuna lantzen eta hainbat proiektu txikiagotan parte hartzen. Oraingoan, proiektua handiagoa izango da. "Olabide Ikastolak momentu honetan hiru eraikuntza ditu, eta Kenyan zabalduko dugu laugarrena", adierazi du.

Proiektuaren helburu nagusia lurraldeko haurren heriotza-tasa handiari aurre egitea da, elikadura eta higiene ona izateko ohiturak irakatsiz immunitate-sisteman eragite aldera.

Gilen hitzetan, horrek "hezkuntzarekin lotura handia du"; izan ere, "hemen etxean ikasten ditugu, baina ezin dutenentzat ikastetxeak daude, gizarteak eman ezin diena emateko".

"Turkanako 100ak" proiektuaren beste helburu bat umeekin elkartasuna lantzea da. Gainera, ikastolako irakasleek Kenyako haurtzaindegira joateko aukera izango dute, eta adin nagusikoak diren ikastolako ikasle ohiek ere bai.

Ikasle ohiak aipatuta azaldu duenez, "hemen aritzen diren bezala, txikienei kirolean eta eskolaz kanpoko ekintzetan lagundu ahalko diete. Beste errealitate bat ezagutzeko eta euren laguntza emateko aukera ere izango dute".

Olabide Ikastolako zuzendariaren arabera, proiektua erronka "oso polita" izango da eta "asko ikasiko dugu". "Gure umeek, hango eta hemengo umeek, irabazten aterako duten guztia oso handia izango da", erantsi du.

"Pandemia ez da erraza izaten ari, baina beti daude gu baino okerrago daudenak. Horregatik, uste dugu momentu honetan horrelako proiektu bat bultzatzeak ere bere garrantzia duela. Bere garrantzia du gure zilborrari begira daramagulako ia urtebete, eta, kexak alde batera utzita, denon artean beste gizarte bat eraikitzeari ekin behar diogu", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Hezkuntza Umeak Gobernuz Kanpoko Erakundeak