Gizartea -
KORONABIRUSA
Txertoa jartzeko baimena izango dute farmaziek Ipar Euskal Herrian, gaurtik
Egoera epidemiologiko larriena duten eskualdeetatik hasiko dira eta, beraz, litekeena da Ipar Euskal Herrian beranduago hastea. Halaber, txertaketarako bi gune irekiko dituzte Kanbon eta Hendaian.
EITB MEDIA
Gaurtik aurrera, koronabirusaren aurkako txertoa jartzeko baimena izango dute farmaziek Ipar Euskal Herrian. Hala ere, egoera epidemiologiko larrienean dauden eskualdeetan hasiko dira lehenik eta, beraz, litekeena da Ipar Euskal Herriko farmazietara beranduago iristea txertoak.
Farmazia batzuei aste honetan iritsiko zaizkie lehen dosiak. Zehazki, Frantziako estatuan dauden ia 30.000 farmazietatik herenak baino gutxiagok jasoko dituzte AstraZenecaren dosiak. Koronabirusak gehien kolpatutako eremuek izango dute lehentasuna eta Ipar Euskal Herria ez dago talde horretan.
Farmazietako txertaketarekin batera, beste bi gune irekiko dituzte Hendaian eta Kanbon. Guztira, 10 txertaketa gune izango dira: 75 urtetik gorakoentzat eta 50 urtetik gorako gaixoentzat.
Modu horretan, txertaketari bultzada eman nahi diote. Gaur-gaurkoz, herritarren % 8k jaso duten txertoaren lehen dosia Pirinio Atlantikoetako departamenduan. Aste honen amaierarako 30.000 pertsona txertatuta izatea espero dute.