Gizartea -

KORONABIRUSA

380ra igo da positibo kopurua EAEn, eta intzidentzia metatuak ere gora egin du

Covid-19aren positibotasuna % 5,2raino igo da eta gaitzaren birsorkuntza tasa 1ean dago berriro. Hala ere, EAEko ospitaleetako presioak hobera egin du.

PCR probak. Argazkia: EFE.
PCR probak
PCR probak. Argazkia: EFE.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadin berriz ere gora egin dute covid-19 kasuek, 380 positibo berri atzeman baitituzte azken orduetan. Gainera, 100.000 biztanleko 200 kasu izan dira 14 egunetan, atzo intzidentzia-tasa metatu baxuagoa erregistratu ostean.

Positibotasunak ere gora egin du azken orduetan % 5,2raino, joan den otsailaren 20tik izan den mailarik altuenera.

Datu horrek baieztatu egiten du aste honetan egindako proben artean positibo kopuruak, ehunekotan, gora egin duela: astelehenean, % 3,9; asteartean, % 4; eta asteazkenean, % 4,3.

Ostegun honetan, beste parametro negatibo bat egon da; izan ere, birsorkuntza tasa, pertsona batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, 1ean dago berriro.

Adierazle horrek pandemiaren hedapenaren kontrol maila ere erakusten du, eta otsaileko lehen egunetik ez da 1era iritsi, baina azken egunetan gora egin du, batez ere Gipuzkoan, 1,12ra iritsi baita.Ostegunean, 7.291 test egin dituzte Euskadin (bezperan baino 1.000 gutxiago), eta 380 pertsonak eman dute positibo (bezperan baino 11 gehiago).Bizkaian, 196 kasu berri atzeman dituzte; Gipuzkoan, 138; Araban, 44; eta EAEtik kanpo bizi diren bi pertsonak ere eman dute positibo.

Zure interesekoa izan daiteke: Lau udalerri gorri eta zazpi laranja ditu EAEk

Asteazkenean, 100.000 biztanleko 200 kasutik behera egin zuen intzidentziak, zazpi hilabetetan lehen aldiz, eta atzo muga hori gainditu zuen berriro, 200,3raino.

Euskadiko datuen okertze hori Gipuzkoako bilakaera okerragoaren ondorio da; izan ere, azken asteetan bilakaera onena izan duen lurraldea izan arren, asteazkenean 167,6 kasu izatetik ostegun honetan 174,6 kasu izatera igaro da. Bizkaiak, berriz, 208,6tik 206,6ra jaitsi du tasa metatua, eta Arabak, 223,4tik 218,9ra.

EAEko ospitaleetan 325 gaixo zeuden ospitaleratuta, aurreko egunean baino hiru gutxiago.

Gaixo kritikoenak 100etik 95era jaitsi dira (urtarrilaren 16tik izan den kopururik txikiena).

Bestalde, beste bi gaixo daude gela arruntetan, 230. 41 pertsona ospitaleratu dituzte ostegunean gaixotasunak eragindako konplikazioengatik (asteazkenean baino hamar gehiago).

Euskadiko hezkuntza-sarean ere, covid-19aren eragina bezperan baino handiagoa da. Ostiral honetan, 74 ikasgela itxi dituzte, ostegunean baino hamar gehiago, eta pandemiaren eraginpean dauden ikastetxeak 54 dira, aurreko egunean 47 izan ondoren.

Ikastetxe batek ere ez du bertan behera utzi jarduera presentziala, eta koronabirus kasuengatik ikasgelen % 0,42 itxi dituzte.

EAEko egoitzak, covid-19 gaixorik gabe erabiltzaileen artean

Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako egoitza guztietan ez da covid-19 kasurik izan erabiltzaileen artean, Arabako Ekorako zentro bateko azken hiru infektatuek egindako probetan negatibo eman ostean.

Arabako Foru Aldundiak ostiral honetan baieztatu duenez, dagoeneko amaitu da egoitza horretan positibo eman duten hiru pertsonen isolamendua.

Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek duela egun batzuk jakinarazi zuten bi lurraldeetako egoitza-zentroetan ez dagoela kasu positiboen berri txertoen eraginari esker.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Hezkuntza sistemako albisteak Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak