Gizartea -

KORONABIRUSA

Covid-19aren material genetikoaren hondarrak aurkitu dituzte hondakin-uretan

URBEHA proiektua aurreikuspenak egiteko eredu baten bila ari da lanean, hondakin-uren zaintza mikrobilogikoa baliatuz alerta epidemiologiko goiztiarra egiteko sistema bat sortzeko.

URBEHA proiektuaren laborategia. Argazkia: Irekia
URBEHA proiektuaren laborategia.
URBEHA proiektuaren laborategia. Argazkia: Irekia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

SARS-CoV-2aren material genetikoaren hondarrak hondakin-uretan luzaroan atzeman daitezkeela erakusten dute EAEko hondakin-uren analisien emaitzek, orain arte URBEHA proiektuaren esparruan bildutako datuek egiaztatu dutenez.

Proiektu honen oinarrian, hondakin-uren zaintza mikrobiologikoa eta behar bezala doitutako eredu bat sortzeko lana daude, eredu horrekin test diagnostikoekin baino egun batzuk lehenago iragarri ahal izateko covid-19aren prebalentziaren aldaketak.

Baieztatuz gero, metodologia honek balizko izurrite baten hasierari aurrea hartzeko balioko luke eta, epidemiaren fase aurreratuagoetan, kutsatutako pertsonen kopuruak gora edo behera egiten duen jakiteko aukera emango luke. Beraz, hondakin-uretan detektatutako kontzentrazioen bilakaeraren arabera, birusa nola hedatzen ari den jakin liteke.

URBEHA proiektuak aurreikuspenak egiteko eredu kontrastatu bat egin eta doitu nahi du alerta epidemiologiko goiztiarra egiteko sistema bat sortzeko. Horretarako, SARS-CoV-2aren material genetikoaren jarraipena egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko saneamendu-sareetan eta hondakin-uren araztegietan. Proiektuaren helburua Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari erabakiak hartzeko baliabide berri bat ematea da.

Urtebetean hondakin-uren jarraipena egiteko lana Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren VATar COVID-19 ekimenarekin koordinatuta egin da. Horren bidez, hondakin-urak eta bainatzeko urak aztertu dituzte, SARS-CoV-2 birusa goiz detektatzeko sistema bat garatzeko.

URAk, Bilbao Bizkaia, Añarbeko Urak eta Txingudiko Urak partzuergoekin batera, Ministerioaren proiektuan sartzen ez ziren eremuetako hondakin-uren zaintza-lan hori egin du EAEn, eta eremu horietako datuak datu-base komun batean sartu dituzte. Ekimen honi URBEHA izena jarri diote Euskadin, eta uraren hiri-zikloaren eta osasun publikoaren erakunde kudeatzaileak parte hartzen ari dira bertan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Zientzia Medikuntza albisteak Zientzia hedapena gaur Koronabirusari lotutako azken orduko albisteak