Gizartea -

XXV. EITB FOCUS

Erabaki zuzenak baino gehiago izan dira okerrak pandemian, gizartearen erdiarentzat

Covid-19aren inguruko informazioa emateko zientzialari eta adituen esanak dira sinesgarrienak herritarrentzat, eta 0-10ko tartean 7,5eko nota jarri diete. Jaurlaritzari ia 6 bat jarri diote.

Gizartearen erdiaren arabera kudeaketa ez da ona izan.
EITB Focus pandemiaren kudeaketa
Erabaki zuzenak baino gehiago izan dira okerrak pandemian, gizartearen erdiarentzat

3:50

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtea bete du pandemiak, eta horren inguruan egindako kudeaketari buruzko iritzia eskatu dio XXV. EITB Focus inkestak euskal jendarteari. Erdiaren aburuz, erabaki zuenak baino gehiago izan dira okerrak. Era berean, herritarrek sinesgarritasun handiagoa ematen diete zientzialari eta adituei, beste agente eta erakundeen informazioari baino.

Gizaker inkesta etxeak EITB MEDIArentzat egindako makroinkestak koronabirusa hartu du hizpide, pandemiaren urtemuga betetzen den honetan. Otsaileko azken astean EAEko 1.200 herritarri telefono bidez egindako elkarrizketak ditu oinarri.

Bigarren atal honetan, covid-19ak ekonomian izan duen eraginaz galdetu zaio biztanleriari. Hala, lau langiletik batek uste du bere enpresak murrizketak egin ditzakeela datozen hilabeteetan, eta 10etik 1 ezkorragoa da, enpresa ixtearen beldur baita.

Plantillan murrizketak

eta erantzunetan agerian geratu da arloaren arabera handiagoa izan dela inpaktua. Hori horrela, ostalaritzan lan egiten dutenen erdiak baino gehiagok uste dute kaleratzeak egon daitezkeela euren lantokietan, eta gauza bera espero dute automobilgintzan ari direnen % 41ek o industrian jarduten dutenen herenak. Halaber, aipagarria da turismo eta bidaien alorreko bi langileetatik bat bere enpresak ateak itxi beharko dituelakoan dagoela; hala uste dute automobilgintzako langileen % 36k edo ostalaritzako beharginen % 29k.

EITB Focus pandemiaren eragina enpleguan

Hain justu, birusaren hedapena geldiarazten saiatzeko hartutako neurri batzuek tabernei eta jatetxeei eragin diete, eta horren harira, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiari buruz galdetu zaie inkestatuei, alegia, udalerri gorrietan zeuden establezimenduak berriz zabaltzearen ebazpenari buruz. Gehienak ( % 47,5) erabakiaren kontra azaldu dira, eta % 36ri, ordea, ondo iruditu zaio. Azpimarratzekoa da itaundutakoaren adinak emandako erantzuna baldintzatu duela. Izan ere, 18-50 urteko biztanleriaren % 47 ostalaritza berriz irekitzearen alde agertu da, baina 51 urtetik gorakoentzat, Justiziak hartutakoa ez zen erabaki zuzena izan.

EITB Focus ostalaritzaren irekiera

2021era begirako aurreikuspenak

Hasi berri dugun urtea nola ikusten duen galdetuta, eszeptizismoa da nagusi euskal gizartearen. % 83k uste dute "protesta, istilu eta krispazio gehiago" egongo; % 74ren aburuz, langabeziak gora egingo du; inkestari erantzun dioten herritarren erdiaren arabera, "2020koa baino krisi ekonomiko latzagoa" jasango dugu, eta bitxia bada ere, bestela iritzi diote ekonomia pertsonal edo familiarra aipatzean: bost lagunetik bakar batek espero du okerrera joango dela.

EITB Focus urtearen aurreikuspena

Izan ere, ekonomiaren aurretik, osasuna da herritarren kezka iturri nagusi (% 84rentzat hala da, ekonomia aipatu duten % 10ren aurrean). Dena dela, gizarte osoari eragiten dioten erabakiak hartzeko orduan lehenetsi behar denaz galdetuta, jendeak ez du horren argi, eta osasuna lehenetsi behar direla diotenak % 55 dira; ekonomiaren alde egin behar dela uste dutenak ia % 38 dira.

EITB Focus osasuna eta ekonomia

Euskal jendartearen iritzian, covid-19aren eragin ekonomikoa handia izango da Espainian eta munduan, baita EAEn ere, baina maila txikiagoan.  

EITB focus pandemiaren eragina ekonomian

Azkenik, hainbat erakunde aipatu zaizkie herritarrei eta 0tik 10era eurengan duten konfiantza maila zehazteko eskatu zaie. Erantzunen arabera, zientzialariek eta adituek dute sinesgarritasun handiena (7,5eko nota), ondoren ageri da Osasunaren Munduko Erakundea (6,24), eta hirugarren postuan, Jaurlaritza, ia 6ko notarekin. Gainerako agenteek, Espainiako Gobernuak barne, ez dute 5a gainditu.

EITB Focus informazio iturriak

Fitxa teknikoa

Gizakerrek EITB MEDIAko albistegietarako egindako inkesta EAEn bizi diren 1.200 pertsonari egin zitzaien (400 Araban, 400 Bizkaian eta 400 Gipuzkoan).

La= ±% 2,83, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, EAEko datuetarako. Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.

Landa-lana 2021eko otsailaren 23tik 26ra egin zuten, elkarrizketak telefonoz eginez.

Galdeketen batez besteko iraupena 11,68 minutukoa izan zen: motzenak 8 minutu iraun zuen, eta luzeenak, 26 minutu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Osakidetza Langabezia Bizkaia Gipuzkoa Araba Turismoa Euskadi Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zientzia EiTB Focus Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Jatetxeak Erizaintza Sendagaiak Enpresaburuak Tabernak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Munduko Osasun Erakundea Gazteak Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak