Gizartea -
KORONABIRUSA
AstraZeneca txertoa 65 urte artekoei ematea erabaki dezake gaur Espainiako Gobernuak
Andaluziak, Kataluniak eta Madrilek egina diote eskaria Osasun Ministerioari. Europako beste zenbait herrialdetan dagoeneko 55etik gorakoei jartzen ari dira.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
AstraZenecaren txertoa 55 eta 65 urte artekoei ere ematea onartu dezake gaur Espainiako Gobernuak. Orain arte, 55 urtetik beherakoei soilik jarri diete Estatuan.
Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak gaur eman diezaioke oniritzia Astra Zenecaren txertoa 65 urte arteko herritarrei jartzeari. Arratsaldean hartuko du erabakia, adituen iritzia jaso ostean.
Horrela iragarri zuen atzo Carolina Darias Osasun sailburuak Lurralde Arteko Osasun Batzordearen bileraren osteko prentsaurrekoan.
Atzo bertan Kataluniako Generalitateak Osasun Sailari eskatu zion AstraZenecaren txertoaren inguruan duen jarrera aldatzea, 55 urtetik gorakoei ere jarri ahal izateko.
Ildo beretik, AstraZeneca txertoa 55 eta 65 urte bitarteko funtsezko langileei jartzeko galdegin zuen Andaluziak.
Madrilgo Erkidegoak 55 urtetik gorakoak AstraZenecarekin txertatu ahal izatea aldarrikatu zuen.
Europan esaterako, Frantzia, Alemania, Suedia, Italia, Grezia, Belgika eta Andorra 55 urtetik gorakoei ere AstraZeneca txertoa jartzen ari dira, hainbat ikerketak bere eraginkortasuna bermatu ostean.