Gizartea -

MARTXOAK 8

Urkullu: "Emakumeek egiturazko desberdintasuna pairatzen jarraitzen dute"

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, bere aldetik, gogorarazi du ez dela ekitaldi masiboetan parte hartu behar, baina "horrek ez du esan nahi aldarrikatu ezin denik".

Urkullu: "Emakumeek egiturazko desberdintasuna pairatzen jarraitzen dute". Artxiboko irudia: EFE
Urkullu: "Emakumeek egiturazko desberdintasuna pairatzen jarraitzen dute"
Urkullu: "Emakumeek egiturazko desberdintasuna pairatzen jarraitzen dute". Artxiboko irudia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, gaur, martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, "aldarrikapenerako eguna da, aurrerapenak aurrerapen, mundu osoko emakumeek egiturazko desberdintasuna pairatzen jarraitzen dutelako", eta horrek, lehendakariaren iritziz, "hainbat adierazpen ditu".

Urkulluk sare sozialen bidez zehaztu duenez, desberdintasunak hauek dira: soldata-arrakala, botere-eremuetara iristeko eta erabakiak hartzeko zailtasuna, emakumeen aurkako indarkeria eta zaintza-lanen eta etxeko lanen banaketa desorekatua.

Gogoeta horiekin batera, Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek M8aren harira abiatu duten kanpainaren irudia jarri du, aurten "Nork zaintzen du? Jar dezagun agerian. Egin dezagun dagokiguna" lelopean.

Lehendakariak gogorarazi duenez, emakumearen egun honetan ere, "gainerako egunetan bezala", zuhurtzia, arreta eta zorroztasun handia behar da ezarritako osasun neurriak betetzeko", COVID-19aren pandemiari aurre egiteko.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, bestalde, martxoaren 8a "aldarrikapenerako" eguna dela esan du, baina gogorarazi du ez dela "ekitaldi masiboetan parte hartu behar, une honetan arduraz jokatu behar delako" eta manifestazio jendetsuak "kutsatze-gune" izan daitezkeelako.

Onda Vascan egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "horrek ez du esan nahi ezin denik aldarrikatu, baina zuhurragoak izan behar gara".

"Manifestatzeko eskubidea eskubide konstituzionala da, baina une honetan ez da tokatzen" eta eguna "beste ekimen berritzaile batzuekin" ospatu daiteke, gaineratu du.

Dagokien papera aldarrikatzeko beharra dute emakumeek, Mendiaren esanetan

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak esan du emakumeek dagokien papera aldarrikatzeko beharra dutela "noiznahi eta nonahi", eta borroka feministak ez duela atsedenik hartuko azpimarratu du.

Twitterren duen kontuaren bidez zabaldu duen bideo batean adierazi duenez, "itxaropenerako arrazoi asko daude".

"Duela hiru urte kalera atera ginen nahikoa zela esateko, eta orain ez dago atzera egiterik. Mende honetako emakumeak aske imajinatzen ditut, berdintasunaren eta eskubideen defentsan aurrera eginez. Hainbeste lankide sozialistek amestutako mundua imajinatzen dut", nabarmendu du.

Era berean, argi utzi du izan nahi dugun horren giltzarria berdintasunean oinarritzen dela. "Urteko egun guztietan aldarrikatu behar dugu martxoaren 8a, alegia, emakumeengan sinesten duen gizarte baten alde egin behar dugu; etenik gabe, kalean zein erakundeetan, emakumeen eskubideengatik borrokatzen duen gizarte baten alde", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Lehendakaria Azken ordukoa Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Emakumeen Nazioarteko Eguna