Gizartea -
Emakumearen nazioarteko eguna
M8ko mobilizazio guztiak debekatu dituzte Madrilen
Madrilgo Auzitegi Nagusiak debekua baieztatu du, kutsadura "arrisku handia" dagoela iritzita. "Osasun, osotasun fisiko eta pertsonen bizitza" eskubidea lehenestea erabaki du.
E. L. | EiTB Media
Emakumearen Nazioarteko Egunerako Madrilen deitutako manifestazio guztiak debekatu dituzte. Madrilgo Auzitegi Nagusiak debekua baieztatu du, kutsadura "arrisku handia" dagoela iritzita. "Osasun, osotasun fisiko eta pertsonen bizitza" eskubidea lehenestea erabaki du.
Auzitegiak bost ebazpen berri argitara eman ditu arratsaldean. Espainiako Gobernuak Madrilen du Ordezkaritzak ezarritako debekuaren aurka bost helegite aurkeztu zituzten sindikatuek eta elkarte feministek. Epaitegiak bost errekurtsoak atzera bota ditu. Bart beste hiru helegite atzera bota zituen, irizpide berdina aplikatuz.
Biltzeko eskubidea absolutua ez dela azaldu dute epaileek ebazpenetan. Muga batzuk dituela gogorarazi dute, batez ere oinarrizko beste eskubide batzuekin gatazkan dagoenean.
Arreta edo kautela printzipioa ere mahaigaineratu dute magistratuek. Ingurumen babeserako Europako arauetan du jatorria, eta ondoren beste sektore batzuetara zabaldu da, osasun babesera adibidez.
Gainera, Madrilen covid-19aren egoeraz ohartarazi dute epaileek; nahiz eta datu epidemiologikoek hobera egin, "arrisku handiak jarraitzen du, intzidentzia metaturik handiena duten hiru erkidegoetako bat baita". Birusaren aldaera berriek positiboak areagotu dituztela erantsi dute.
Debekua genero diskriminazioaren ondorio ez dela erantzun diete magistratuek helegileei, "elkarretaratzeak ez baimentzeko funtsezko arrazoiak osasun publikoarenak direla baizik".