Gizartea -

Migrazioa

Dozenaka migratzaile Irunen blokeatuta daude, muga ezin zeharkatuta

Normalean baino migrante gehiago heldu dira azken egunotan Irunera, gehienak Kanarietatik. Helburua Frantzian sartzea dute, Gipuzkoa eta Lapurdiko mugatik, baina ezinezkoa zaie.

Gurutze Gorriak Irunen duen aterpetxea, gaur. Argazkia: Eusko Jaurlaritza.
Gurutze Gorriak Irunen duen aterpetxea, Belaskoenea auzoan.
Dozenaka migratzaile bildu dira Irunen, Frantziako Poliziak mugan geldiarazi ostean

1:44

I. A. | M. D. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak kontingentzia-plana aktibatu du Irunen (Gipuzkoa), egunero heltzen ari diren migratzaileei harrera egiteko. "Salbuespen egoera" sortu da muga inguruan, Kanarietatik heldu eta Frantziako estatura igaro nahi dutenek ez dutelako helburua lortzen.

Igandean, egoerak egonkor eta "lasai" jarraitzen du, ez delako migratzaile berririk heldu, behintzat ez modu esanguratsuan, Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak esan duenez.

"Momentura arte, egoera lasai dago" eta ia ez da "jende berririk" ikusi. Hala ere, Legarretak gehitu du "ez dutela baztertzen" gauean zehar Irungo harrera zentrora muga zeharkatu nahi duten migratzaile berriak hurbiltzea.

Gendarmeen kontrolak are gehiago zorroztu dira covid-19aren pandemiaren eraginez, eta, orain, PCR proba eginda izatea ere eskatzen zaie muga igaro nahi dutenei. Beraz, ia ezinezkoa bihurtu zaie migranteei Lapurdira iristea.

Migratzaile batzuek EITB Mediari esan diotenez, beharrezkoak diren dokumentu guztiak izan arren, baita PCR negatiboak ere, mugako poliziek ez diete sartzen uzten.Ipar Euskal Herriko zenbait elkartek onartzen dute presioa eta zainketa gogortu dutela, eta zenbait mugaz bestaldera itzularazi dituztela ere.

Gurutze Gorriak Irunen kudeatzen duen aterpetxea ez ezik, herri horretan bertan Udalak erromesentzat duen eraikina eta Hondarribiko beste aterpetxe bat ere egokitu dituzte migranteentzat. Horiei guztiei arropa, maskarak, jatekoa eta dutxa bat hartzeko aukera eskaini zaiela esan dute Jaurlaritzako arduradunek.

Hala ere, migratzaileek ez dute Irun ez den beste lekuren batean gaua igaro nahi, mugatik ahalik eta gertuen egon nahi dutelako, egunean zehar berriro muga zeharkatzen saiatzeko.

Legarretak azaldu duenez, denera 106 pertsonak igaro dute gaua eraikin horietan, tartean hiru adin txikikok. "Egoera oso zaila da. Ez dakigu hurrengo orduetan zenbat iritsiko diren, eta lanean ari gara, egoerari ahalik eta ondoen erantzuteko", esan du.

Gaineratu duenez, "ez da inor kalean geratu" eta "Irunera heldu diren migratzaile guztiak artatu dituzte". 

Bestalde, Irungo Harrera Sareak salatu du Frantziako Polizia ohi baino jarrera "zorrotzagoa" izaten ari dela, eta migratzaileak itzularazten ari direla. Haien egoera "larria" dela ohartarazi dute.

Euskadi Irratian egindako elkarrizketan Josune Mendigutxia Irungo Harrera Sareko kideak esan duenez, otsailaz geroztik migranteen mugimendu handiagoa nabaritu duten arren, azken 15 egunetan nabarmen igo da kopurua.

Kanarietan "ia bahituta" egon dira, eta behin uharteetatik ateratzea lortu dutela, Irunen harrapatuta ikusten dute beren burua. "Urduri daude, Kanarietan egon zirenean ez zutelako mugitzeko askatasunik", dio Mendigutxiak.

Mugako kontrolak "asko gogortu" dituztela ere adierazi du, eta "ia egunero" atzera Irunera bueltan etortzen direla migranteak, muga ezin igarota. "Nola edo hala Frantziara sartzea lortzen dutenak badira, baina asko itzularazi egiten dituzte, baita Bordeletik ere", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak migrazioa gaur Gaurko albisteak Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak