Gizartea -

Migrazioa

Kontingentzia-plana aktibatu dute Irunera heltzen ari diren migratzaileak hartzeko

"Normalean baino gehiago" heltzen ari dira muga ingurura, eta askok ez dute Frantziar Estatura igarotzea lortzen. "Inor kalean ez geratzeko" ohe gehigarriak prestatzen ari dira.

Bidean dauden etorkinak, Irunen. EITB Mediaren bideo bateko irudia
Bidean dauden etorkinak, Irunen.
Bidean dauden etorkinak, Irunen. EITB Mediaren bideo bateko irudia

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak kontingentzia-plana aktibatu du Irunen (Gipuzkoa) egunero heltzen ari diren migratzaileei harrera emateko. "Salbuespen egoera" sortu da muga inguruan, Kanarietatik heldu eta Frantziar Estatura igaro nahi dutenek ez dutelako lortzen. Ondorioz, migratzaile guztiei leku egiteko lanean ari da Jaurlaritza.

Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariak azaldu duenez, aurreko astetik "normalean baino jende gehiago" heltzen ari da. Ostiralean ia 100 migratzaile heldu ziren, eta larunbatean 100etik gora dira dagoeneko Irunera heldu diren migratzaileak.

Guztiei harrera egiteko eta "inor kalean ez gelditzeko", Irungo aterpetxeaz gain beste lekuak prestatzen ari dira, Donostian eta Hondarribian, udalen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlanean.

Kanarietatik etorritako eta Espainia eta Frantzia arteko muga igarotzeko asmoa duten migratzaileak dira denak. Askok, ordea, ez dute muga igarotzea lortu, eta heldu berriak eta mugatik itzulitakoak pilatzen ari dira Irunen.

Irungo Harrera Sareak salatu duenez, Frantziako jendarmeak ohi baino jarrera "zorrotzagoa" izaten ari da, eta migratzaileak itzularazten ari da. Haien egoera "larria" dela ohartarazi du.

Legarretak azaldu duenez, 100 pertsonarentzako tokia dago Irungo eraikinean, baina covid-19arengatik 60 ohe baino ez daude erabilgarri. "Atzo beste aterpetxe bat aktibatu zen Irunen, eta gaurko beste errekurtsoak prestatzen ari gara Donostian eta Hondarribian", esan du. 150 ohe gehiago ari dira atontzen, "agian gero betetzen ez badira ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Irun albisteak gaur Albisteak