Gizartea -

Martxoak 8 - Erreportajea

Pandemiak are ikusezinago bihurtu zituenak

EAEn 10.000tik gora dira etxeetan zaintza lanak egiten dituzten emakume etorkinak. Lehen lerroan daude, baina ez dute norbera babesteko ekipamendurik izan eta ez dituzte txertaketa egitasmoan sartu.

Zaintzaile gehienak etorkinak dira. Argazkia: EFE
Emakumezko etorkin bat adineko bat zaintzen.
Zaintzaile gehienak etorkinak dira. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela urtebete, 2020ko martxoaren 8an, ehunka mila emakume kalera irten ziren euren eskubideak eta benetako berdintasuna beste behin aldarrikatzera. Handik egun batzuetara, covid-19aren hedatzea ikusita, Espainiako eta Frantziako gobernuek alarma egoera ezarri zuten, eta etxeko itxialdia zabaldu zen Euskal Herrian.

Koronabirusak eragindako krisi hirukoitzak (osasun, ekonomia eta gizarte arlokoa) "genero ezberdintasunak areagotu ditu", Munduko Osasun Erakundeak berriki aitortu duenez. Besteak beste, honakoak aipatu ditu erakundeak horren erakusle: birusak gehiago kutsatu ditu emakumeak (hein batean, osasun langileen artean gehiengoa direlako) eta indarkeria matxista "izugarri hazi da" urtebetean. Andrazko langileentzat ere krudelagoa izan da pandemia, Eurofound Europako fundazioak egindako txosten baten arabera. Emakumezkoen langabezia tasa puntu bat igo da 2020ko apiriletik irailera, eta gizonezkoena baino zortzi hamarren handiagoa da (% 7,9 eta % 7,1, hurrenez hurren).

Erabateko itxialdi hartan langile askok telelana egin ahal izan zuten, eta horrek lana eta familia hobeto uztartzen lagundu zuen. Dena den, eskolak itxita egoteak larritasun psikologiko handia eragin zuen emakumeengan. Hartara, ume txikiak zituzten andrazkoek egoera berean zeuden gizonezkoek baino estuago bizi izan zuten dena: tentsio handia sumatu zuten (emakumezkoen % 21ek, gizonezkoen % 19ren aurrean), bakarrik sentitu ziren (% 14, % 6ren aurrean) eta deprimituta ( % 14, % 9ren aurrean), aipatu txostenaren arabera.

"Ikusezinak"

Martxoaren 8 honetan, osasunaren alorrean lan egiten duten pertsonei begira jarri gara, baina, horrela izanagatik ere, "gizartearen aitortza eta babesa ez duten langileak" dira: zaintzan dabiltzan emakume etorkinak.

"Leiho eta balkoietara txalo egitera irteten ginenean, inor ez zen gogoratu etxeetan gure nagusiak zaintzen dauden emakumeekin. Gizartean eta politika publikoetan ez zaie txalorik egiten, eta egoera erregular zein irregularrean emakumeek egiten duten zaintza lan horrek ez du aitortzarik", salatu du Silvia Carrizok, Zumaiako (Gipuzkoa) Malen Etxea elkarteko ekintzaile eta bazkide sortzaileetako batek. Duela 17 urte sortu zuten elkartea emakume etorkin horiei babesa, formazioa eta ahalduntzea emateko.

Carrizok ahotsa ematen die andrazko langile horiei. EAEn, 11.374 dira Etxeko Zerbitzuaren Erregimenean izena emanda dauden emakumezko etorkinak, gehienak Europar Batasunetik (EB) kanpokoak (9.503). Dena dela, erregistro horrek ez ditu egoera irregularrean dauden langileak aintzat hartzen, eta sektorean dagoen ezkutuko ekonomia kontuan hartuta, benetako datua altuagoa litzateke. Malen Etxeak egindako kalkulu "zuhurrenen" arabera, guztira 16.500 izango lirateke.

Horiek "zaintzaren unibertso zabal bati" eusten diote, etxeetan egiten den horri, eta horri "ez diote begiratzen, ez dute aitortzen", dio Carrizok. Behar isila da, ikusezina, baina beharrezkoa.

Etxeetan neskame dabiltzan gehienak etorkinak dira

"Menpekotasunaren eta zaintzaren alorrean lan egiten duten emakume etorkin horiek, neskame daudenak, ez zuten alarma egoeraren beharrik izan. Etxera sartu eta irtetearen eskubidea mugatuta zuten aurretik. Gizarte honek aspalditik du hori ezarrita. Gobernuarentzat ere ez da arazo etiko, politiko edo morala; izan ere, noren kontura ari dira esplotazio hori egiten? Emakume etorkinen kontura, ikusezinen, inori inporta ez zaien horien kontura", kritikatu du ekintzaileak.

Badira datu gehiago: langile etxekotuen edo neskameen (inoren etxean lan egiteaz gain, bertan lo egiten dutenak) % 81,3 etorkinak dira. Carrizok gogorarazi duenez, "langile horiek beharrerako prest egon behar dira eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan, soldata miserableen truke, gainera. Lan esplotazio baldintzetan aritzen dira, guretzat esklabotza da". 

Alarma egoera ezarri eta bi astera, emakumezko etorkinen % 21,3 kaleratu zuten

Hori horrela, pandemiaren hotsa arinago sumatu zuten alor horretako beharginek. Malen Etxeko arduradunek martxo hasieran, alarma egoera ezarri baino bi aste lehenago, igarri zioten traza egoerari: "Kideak etorri zitzaizkizun esanez jada ezin zirela asteburuetan etxetik atera, birusa zegoela eta...". Horregatik, akaso, oso positibo gutxi izan ziren etxeko zaintzan, "behargin asko eta asko alarma egoeraren aurretik konfinatu zituztelako", argitu digu Silvia Carrizok.

Elkarteak 2020ko apirilean 300 emakume etorkini egindako inkesta baten arabera, itaundutako andrazkoen erdiak baino gehiago (% 56,4) egoera irregularrean zeuden. Martxoaren 14ra lanpostu batekin heldu zirenen herenari baino gehiagori (% 35,6) etxean geratzeko esan zieten, soldatarik gabe; % 21,3 kaleratu egin zituzten, % 18,1i atsedenaldiak debekatu zizkioten, eta % 16,3ri, lanorduak murriztu.

Lanean jarraitu zutenak osasun arrisku larrian aritu ziren: pertsona zaurgarrienen ondoan jarraitu zuten (distantziarik gabe, barruko espazioetan) eta birusarekin kontaktu zuzena izan dezaketen lanak egiten (menpekotasuna duten pertsonak, arropak eta gainazalak garbitzen…). "Inor ez zen arduratu norbera babesteko ekipamenduak zituzten ala ez. Etxeko konfinamenduan, etxe barruan ziren emakumeak are gehiago giltzapetu zituzten. Baldintzak onartu ez zituena kaleratu egin zuten. Etxeko zaintzan aritzen diren enpresek ere ez zituzten ekipamenduak eman, eta kexatu zirenak kalean geratu ziren", salatu du Carrizok.

Urtebete igaro da, eta babes faltak agerikoa izaten jarraitzen du: "Langile horiek covid-19aren kontrako lehen lerroan daude, baina ez daude txertaketa zerrendetan. Existituko ez balira bezala da, eta, berriz diot, 10.000 baino gehiago dira".

Malen Etxearen protesta bat.

Langileok erregularizazioa eskatzen dute, besteak beste. Argazkia: Malen Etxea

Adinekoen egoitzez eta eguneko zentroez harago

Carrizoren hitzetan, "pandemiak agerian utzi zuen sistema kapitalista, kolonial eta arrazista honen izugarrikeria. Hots, politika publikoen faltan, pertsona zaurgarrienak jartzen ari dira mendekotasuna artatzen". Horren ildoan, ekintzaileak gogorarazi du Espainiako Estatua dela sistema honi eusten dion bakarra EBn. "Halakorik ez dago Frantzian, Alemanian, Suitzan... Italian bazuten, baina ia guztiz kendu dute, eta gauza bera Portugalen. Politika publikoen bidez eraiki dute zaintza sistema, eta eredu ezberdinak daude. Baina basakeria hau, bizitzaren urraketa hau, hemen bakarrik gertatzen da. Eta Espainiako Estatuaren barruan, EAEn dago zabalduen", salatu du.

Horren aurrean, Malen Etxeak honakoa aldarrikatzen du: "zaintza sistema publiko, bakar, unibertsal eta komunitarioa", familien eta erabiltzaileen "ahotsa" kontuan hartuko duena. Bide horretan, egoera irregularrean dauden etorkin horiek "legeztatu" egin beharko lirateke aurrena, gerora "etxeko arreta soziosanitariorako ziurtagiria" emateko. Hala, "gure kide horiek lan duinak izango lituzkete, lanaldi normalizatuekin", azaldu du Carrizok.

Aldarrikapenok mugimendu feministarekin eta hainbat gizarte eragilerekin partekatzen ditu Malen Etxeak. Horien guztien arabera, zaintza lanak adinekoen egoitzetan, eguneko zentroetan edota etxez etxeko laguntza zerbitzuan egiten denaz harago doaz. Carrizoren aburuz, udalek garrantzi gehiago hartu beharko lukete arlo honetan: "Protagonismoa berreskuratu behar dute, eskuduntzak bereganatu eta handitu. Hau ez da soldaten kontua bakarrik. Eredua aldatu zaigu. Luze biziko den gizarte batean bizi gara orain, eta denok beharko dugu zaintza. Zaintza horrek gertukoa behar du izan, gure inguruak emana".

Gogoeta honekin bukatu du Carrizok gure solasa: "Gaur egun 40-60 urte dituzten emakumeek bat edo, asko jota, bi seme-alaba dituzte; batzuek, bat ere ez. Jada ez da existitzen zaintza lana bere gain har dezakeen familia ugari hori. Zaintzak komunitarioa izan behar du. Barneratu behar dugu gutako bakoitzak auzokideari begiratu beharko diola. Hiriak, herriak, auzoak duintasunez zahartzeko lekuak bihurtu behar ditugu. Giza eskubideez ari gara, ez dago besterik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Arrazismoa Gizartea Eguneko albisteak Zumaia Albisteak Adinekoentzako egoitzak Matxismoa Feminismoa Emakumeen Nazioarteko Eguna Txertoak azken ordukoa Giza eskubideak Koronabirusa olatu berria