Gizartea -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Asier Niebla indarkeria matxistaren biktima gisa aitortzea eskatu dute haren senideek
Hildakoaren anaiak eta arrebak agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarrean, berdintasun legea aldatzeko eta gizonezkoak zein emakumezkoak indarkeria mota horren biktimatzat jo ahal izateko.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Euskal Autonomia Erkidegoko Legea aldatzea eskatu diote asteazken honetan Asier Nieblaren senideek Eusko Legebiltzarrari. Asier Niebla (28 urte), 2018ko urriaren 11n hil zen, bi hilabetez Donostiako Ospitalean koma egoeran egon ostean. 2018ko abuztuaren 12an, Donostiako Aste Nagusian, hitz egiten ari zen neska baten mutil-lagun ohiak kolpe bat eman zion buruan eta lurrean konorterik gabe gelditu zen.
Asier Nieblaren anaiak eta arrebak, Juan Josek eta Yoanak, agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordean, gazte urnietarra indarkeria matxistaren biktima gisa aitortzea helburu duen ekimena azaltzeko. Horien iritziz, "gizonak, emakumeak eta alboko beste biktima batzuk babesik gabe daude", eta horregatik legea zabaltzea eskatu dute.
Nieblaren anaiaren ustez, genero indarkeriaren "kasu bat da", baina "arazoa da nire anaia ez zela emakumea". Legean "definizio falta", "hutsune batzuk" aurkitu dituztela adierazi du eta horregatik hasi zutela Asier "genero indarkeriaren biktima" gisa aitortzeko ibilbidea.
"Asierrek bere bizitzarekin ordaindu zuen eta berarekin zegoen neskak kalte emozional suntsitzailea jasan zuen. Hemen indarkeria horren bi biktima daude. Ez litzateke generoa bakarrik aintzat hartu behar, izan ere, alboko biktimak gizonak edo emakumeak izan daitezke", azpimarratu du.
Juan Jose Nieblaren esanetan, "erabat ados" dago emakumeak babesten dituen lege bat izatearekin, "bizitzako zenbait alderditan babesik gabe dagoelako". "Ez dugu eskatzen kentzeko, zabaltzeko eta indarkeria matxistaren biktima guztiak babesteko baizik. Eskubideak zabaltzeak ez ditu eskubideak kentzen", nabarmendu du.
Gaineratu duenez, Urnietako Udalak "legea zabaltzeko aurreproiektu bat" bidali zien Eusko Legebiltzarrari eta Espainiako Gobernuari, genero indarkeriaren alboko biktimak barne hartzea helburu.
Alderdi politikoek eskerrak eman dizkiete senideei eta proposamena baloratzeko prest agertu dira.