Gizartea -
Gasteiz
Tapia: "Ezinbestekoa da Subillan gasa badagoen eta erabilgarria ote den jakitea"
Sailburuak gogorarazi du Trantsizio Ekologikorako Ministerioren baimena badutela eta "trantsiziozko energia bat, 0 kilometrokoa" dela.
E. G. | EITB MEDIA
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak uste du Jaurlaritzak Subillan (Gasteiz) gasa ustiatzeko aukera "zabalik" eduki beharko luke. "Ustiapen eskubide horiei eutsi behar diegu, jakiteko gasa badagoen, zenbat dagoen eta erabilgarria ote den", esan du sailburuak "Forum Europa Tribuna Euskadi" gosari informatiboan.
Jaurlaritzak, Shesa elkartearen bidez, gaur iragarri du helegitea aurkeztuko duela auzitegietan Gasteizko Udalak aukera horri emandako ezetzaren kontra. Izan ere, Tapiak uste du "ezinbestekoa" dela aukera hori mahai gainean egotea.
"Gasteizko Udalaren iritzia eta erantzuna errespetatuz, guk uste dugu Ministerioaren baimenarekin jarraitu ahal dugula, eta horregatik helegitea jarri dugu. Ikusiko dugu zer gertatzen den", nabarmendu du.
Gasteizko Udala kontra izan arren, proiektuari eutsiko dion galdetuta, sailburuak adierazi du "energia berriztagarrien aldeko politika industrialaren baitan Jaurlaritzak beharrezko ikusten du baliabideak tokian-tokian lortzea, proiektu handiekin eta proiektu txikiekin, eta Subillako ustiapena posible den jakitekoa ezinbestekoa dugu".
Jaurlaritzaren aburuz, "ustiapen eskubide horiei eutsi egin behar diegu, eta horretarako aukera ematen digu Ministerioaren baimenak. Gasa trantsizioko energia bat izango da, 0 kilometrokoa, eta horren aldeko apustua egiten dugu, baita gasaren kasuan ere, zeren kanpotik datorrena kutsatzen du, CO2 isurketak sortzen ditu eta beste herrialdetan agian frackinga erabili da eta guk hori ez dugu onartzen. Jakin behar dugu badagoen, zenbat dagoen eta erabilgarria den".