Gizartea -

KORONABIRUSA

Santa Marinan kutsatutako hiru osasun langileetako bik txertoa jaso zuten

Azken balantzearen arabera, guztira 23 pertsona kutsatu dira: 3 osasun langile, 14 gaixo eta 6 laguntzaile.

Santa Marina ospitalea. artxiboko irudi batean. EITBren bideo batetik ateratako irudia
Santa Marina ospitalea, artxiboko irudi batean
Santa Marina ospitalea. artxiboko irudi batean. EITBren bideo batetik ateratako irudia

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Santa Marina ospitalean atzemandako koronabirus agerraldiari lotuta, bi positibo berri hauteman dituzte osasun langileen artean. Azken balantzearen arabera, gaur-gaurkoz 23 pertsona kutsatu dira.

Begoña Perez Osakidetzako zuzendari nagusiak eguneratu ditu Santa Marinako datuak gaur goizean Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Orain arte, 3 osasun profesional, 14 gaixo eta 6 laguntzaile gaixotu dira. Duela 12 egun atzeman zuten lehendabiziko positiboa.

Haren esanetan, geroztik hainbat neurri hartu dituzte koronabirusaren zabalkundea saihesteko, tartean, bosgarren solairua itxi eta garbitu dute eta baheketak egin dituzte.

Perezek gogorarazi duenez, pandemia hasi zenetik "ospitale guztietan" izan dira kutsatzeak, eta kasu horietan neurri egokiak garaiz hartzea da garrantzitsuena.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ere parte hartu du Perezen agerraldian, eta esan du positibo eman duten langileetako bik jasoa zutela txertoa, baina "zorionez" ez dutela aparteko sintomarik.

"Zenbatzen ari gara zenbat pertsona kutsatzen den edo zenbatek ematen duten positibo lehenengo dosia eta bigarrena jaso ondoren. Albo kalteak ere jarraitzen ari gara, eta farmazia zaintzako unitate bat ari da gertakari garrantzitsuenak jasotzen", azaldu du.

Sagarduik gogorarazi du txertoak "defentsa bat sortzen" duela "gaixotasunaren aurrean, eta gorputza erantzun horretan prestatzen" duela. Horregatik, "logikoa" omen da, portzentaia baxuan izanda ere, txertoa jaso arren gaixotasuna garatzea.

Zentro hau polemikaren erdigunean izan zen urtarrilean. Orduan, jakin zen 20 bat pertsonak txertoa jaso zutela ez zegokienean, tartean zuzendaritzako kideek, zenbait ordezkari sindikalek eta ospitalekoak ez ziren beste langile batzuek ere bai. Hori dela eta, Jose Luis Sabas zuzendari nagusiak dimisioa eman zuen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaixotasunak albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Sendagileen albisteak Basurtuko ospitalea albisteak Gurutzetako Ospitalea albisteak Erizaintza Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea albisteak COVID kasuak Galdakao-Usansolo Ospitalea Txertoak