Gizartea -
Gasteiz
Jaurlaritzak auzitara joko du Subillan gas zundaketaren proiektua gauzatzeko
Gasteizko Udalak gasa esploratzeko lizentzia eskaera ukatu zuen abenduan, udal araudia urratzen zuela argudiatuta. Helegitea gorabehera, jarrerari eutsiko diola esan du gaur Gorka Urtaran alkateak.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak helegitea aurkeztuko du auzitegietan Subillan (Gasteiz) gasa esploratzeko lizentzia ukatzearen kontra, Arantxa Tapiak zuzentzen duen Sailak Radio Euskadiri baieztatu dionez. Helegitearen aurrean, bereari eutsiko diola azpimarratu du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak.
Gasteizko Udalak ez zion jarduera lizentzia eman proiektuari, udal araudiaren kontra zihoala argudiatuta. Izan ere, horren arabera, ezin da gasa topatzeko prospekziorik egin aukeratutako lekuan, Ruta de Europa hotelaren ondoan.
Ezezko horren aurrean, Shesa Euskadiko Hidrokarburoen Elkarteak helegitea aurkeztuko du epaitegiek erabaki dezaten.
Proiektuak Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren babesa du, dagokion ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpenarekin. Gasteizko hiri-antolamenduko plan orokorraren kontrakoa da, ordea. Izan ere, gune horri eman ahal zaion erabileren artean ez dago gasa topatzeko prospekzioak egitearena.
Jarduera lizentzia ukatzea ezinbestekoa izan zen Gasteizko Udaleko aurrekontuak onartzeko, Elkarrekin Gasteizek iragarri baitzuen proiektua onartuz gero, kontuak babestuko ez zituela. Azkenik, lizentzia ukatuta, aurrekontuen inguruko akordioa lortu zuten EAJk, PSE-EEk eta koalizio moreak.
Urtaran: "Gasteiz defendatzen jarraituko dut"
Hain justu, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea elkarrizketatu dute goizen Radio Euskadin. Adierazi duenez, lehengo lepotik du burua eta bere jarrerari eutsiko dio: "Udalak ez du jarrera aldatuko, eta Gasteizko on gorena defendatzen jarraituko du, hau da hiri-antolamenduko plan orokorra, eta horrek gasaren ustiapena debekatzen du"
"Gasteizko Udalak hiria eta plan orokorra defendatuko ditu. Ezin da gasa topatu gure udalerrian", berretsi du.
Azaldu duenez, Udalak bere justizia aholkularitza du eta horri dagokio Udalaren interesak defendatzea. "Espero genuen helegitea, eta Udalak bere jarrerari eutsi eta emandako hitza beteko du", nabarmendu du.
Tapiak "ezinbestekotzat" jo du gas zundaketaren gaineko eskubideak "bizirik" egotea
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak baieztatu du Eusko Jaurlaritzak irekita izango duela Subillan gasa esploratzeko aukera, gaur egun "ezinbestekoa" delako. "Gas zundaketaren gaineko eskubideak bizirik izan behar ditugu, eta posible bada, modu jasangarrian, horri erabilera ematen saiatu behar gara", adierazi du.
Shesa Euskadiko Hidrokarburoen Elkarteak aurkeztutako helegitearen aurrean egin ditu adierazpen horiek. Ildo horretan, gogora ekarri du Jaurlaritzak abiatutako trantsizio energetikoaren politikak begi onez ikusten duela aukera hori gauzatzea, betiere, "gas nahikoa baldin badago". Horretarako, Ingurumen Ministerioaren baimena dutela ere azpimarratu du.
Oposizioak salatu du EAJ gehiengoaren aurka doala
Gasteizko Udaleko oposizioko hiru alderdiek -EH Bildu, PP eta Elkarrekin- kritikatu egin dute Eusko Jaurlaritzak helegitea jarriko duela gasa esploratzeko baimena ukatzeko erabakiaren aurka, eta jarrera horrekin EAJk arabarren gehiengoaren borondatearen aurka egingo duela.
Jose Antonio Suso Arabako Buru Batzarreko presidenteak kazetariei egindako adierazpenetan adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak "helegitea jartzeko ahalmena du" eta, beraz, "Gobernuak berak azaldu beharko duen erabakia da". "Nik ez dut beste ezer esateko", berretsi du Susok, eta auzitegiek zer erabakitzen duten jakin arte itxaroteko eskatu du.
EH Bilduk gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztea, eta "tamalgarritzat" jo du erabakia, "Gasteizko eta Arabako gehiengo sozial eta politikoaren borondateari bizkarra ematea dakarrelako berriro", eta EAJk lurraldea hidrokarburoen ustiapenari irekitzeko duen "burugogorkeria" islatzen duelako.
Alfredo Iturricha PPk Arabako hiriburuan duen zinegotziak ere helegitea aurkezteko erabakia deitoratu du, baina gaineratu du horrek ez duela bere alderdia harritu, "EAJ 'Green Capital' suntsitzen tematuta dagoelako eta gasa esploratzeko proiektu hau beste ezeren gainetik aurrera atera nahi duelako, gasteiztarrek gehien baloratzen duten guneetako bat arriskuan jarriz".
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU alderdiko bozeramaileak, bestalde, "arduragabetzat eta autoritariotzat" jo du auzitara jotzeko erabakia, "Arabako erakundeen gehiengoaren akordioak hausten direlako", eta, gainera, Eusko Jaurlaritzak sinatutako "Larrialdi Klimatikoaren Adierazpenaren kontrakoa delako", sare sozialetan salatu duenez.
Equo Berdeak alderdi ekologistak "Green Capitalen eta egungo krisi klimatikoaren aurkako aurrez aurreko erasoa" dela salatu du.