Gizartea -
Genero indakeria
15 urteko zigorra gizon bati, Donostian bikotekidea bizirik erretzen saiatzearren
Azaroaren 9an epaitu zuten gizona, 2019ko ekainean bikotekidea bortxatzea egotzita. Auzipetuak sexu harremanak eskatu zizkion biktimari, baina emakumeak uko egin zionez, eraso egin zion.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Guztira hamabost urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, Donostian bikotekidea bortxatzen eta bizirik erretzen saiatzeagatik. Horretarako, edredoiari eta burkoei su eman zien, emakumea ohean zela.
Gizona iragan azaroaren 9an epaitu zuten Gipuzkoako Auzitegian, 2019ko ekainaren 28an jazotako gertakariengatik. Epaiaren arabera, 51 urteko gizona biktimarekin oheratu zen eta sexu harremanak eskatu zizkion, baina emakumeak uko egin zion.
Ezezkoaren aurrean, auzipetuak indarrez heldu zuen emakumea eskuetatik, eta hainbat zaplaztako eman zizkion "larrua gogor joko ziola" esaten zion bitartean. Esandakoa betez, bortxatu egin zuen bikotekidea.
Hurrengo egunean, bikote harremana utzi nahi zuela esan zion emakumeak, baina hilabete bukaeran berriro elkartu ziren. Urriaren 23an, baina, eztabaida piztu zuen auzipetuak biak bizi ziren etxean. Haragi plater bat jatera behartu zuen emakumea, laban batekin mehatxu egiten zion bitartean. "Faltsu eta traidore" ere oihukatu zion orduan.
Berehala, gizonak etxetik alde egin zuen. 04:00ak aldera itzuli zen, eskuetan whisky botila bat zeukala. Biktimari sakelako telefonoa kendu zion, laguntza eska ez zezan.
Jarraian, metxero batekin, emakumeak gainean botata zeukan edredoiari su eman zion, oso-osorik erreko zuela ostean. Ur botila bat hartu eta sua itzaltzea lortu zuen biktimak.
Ordu batzuk geroago, 07:45 aldera, berriro ere edredoiari eta burkoei su ematen saiatu zen. Whiskya ere bota zuen bertara, sua azkarrago zabaltzeko asmoz-edo. Biak han hilko zirela esan zion emakumeari. Ahal zuen moduan, etxetik irtetea lortu zuen azken honek.
Handik gutxira, udaltzainek auzipetua atxilotu zuten. Agenteetako bati aitortu zion neska-lagun asko zituela, "baina emagaldu horrekin" lehenbailehen bukatu behar zuela, "kartzelara joan aurretik". "Alkohola erabili dut, eta erretzen ari nintzen zigarroa ere bota dut bertara", onartu zuen gizonak.
Horregatik guztiagatik, bortxaketa delitua, hilketa saiakera, tratu txarrak, mehatxuak eta irainak leporatu dizkiote, besteak beste.