Gizartea -

KORONABIRUSA

Santa Marinako agerraldian langile bat, 14 gaixo eta 6 laguntzaile kutsatu dira

Sagarduik uste du langilea txertatuta zegoela; izan ere, txertoa zentroko langile guztiei eman zitzaien duela aste batzuk. Gainera, txertaketek ez dituztela kutsatzeak erabat saihesten gogorarazi du.

Santa Marina ospitalea, Bilbon. Argazkia: EiTB
Santa Marina ospitalea, Bilbon. Argazkia: EiTB
21 positiboko agerraldia Santa Marina ospitalean: 14 gaixo, 6 kontaktu eta mediku bat

1:20

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi duenez, Santa Marina ospitalean izandako covid-19aren agerraldian 14 gaixo, sei laguntzaile eta profesional bat kutsatu dira. Sailburuak gaineratu du ustez langileak txertoa jarrita zuela, zentro horretako langile guztiei eman baitzieten txertoa duela aste batzuk.

Gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Sagarduik esan du, hiru baheketa egin dituztela gaixoen artean, bi profesionalen artean eta bat bosgarren solairuko gaixoen laguntzaileen artean. Gainera, itxi, garbitu eta desinfektatu egin dute solairu hori.

Langile batek positibo eman duela eta txertoa jarrita ote zuen galdetuta, Sagarduik esan du "pentsatzekoa" dela "txertoa jarrita" zuela, ospitaleko langile guztiei "duela aste batzuk" jarri baitzieten. Kasu honetan, pertsona horren osasun egoera zein den ikusi beharko litzatekeela uste du sailburuak, eta gogorarazi du txertaketek ez dituztela "kutsatzeak erabat saihesten".

Osasun Sailaren arabera, duela 10 egun lehenengo positiboa agertu zenetik, hainbat neurri hartu dituzte birusa zabaltzea galarazteko, tartean koarentena ezarri die gertuko kontaktuei eta baheketak egin dituzte.

Baheketari eta kontaktuen jarraipenari esker, positibo eman duten pertsonak identifikatu dituzte, eta kutsatzeak gelditzeko neurriei eutsiko diete. Gainera, covid-19aren zein aldaera den zehaztea eskatu du ospitaleak.

Zentro hau polemikaren erdigunean izan zen urtarrilean. Orduan, jakin zen 20 bat pertsonak txertoa jaso zutela ez zegokienean, tartean zuzendaritzako kideek, zenbait ordezkari sindikalek eta ospitalekoak ez ziren beste langile batzuek ere bai. Hori dela eta, Jose Luis Sabas zuzendari nagusiak dimisioa eman zuen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak