Gizartea -

Koronabirusa

EAEko erresidentzietan astero lau irteera eta bi bisita baimenduko dituzte

Protokoloaren arabera, bi senide aldi berean joan ahal izango dira bisita egitera, eta ez dute beti pertsona berak izan beharko. Neurriak bertan behera geratuko dira udalerria gorrian sartuz gero.

Hondarribiko zaharren egoitza. Argazkia: Gipuzkoako Aldundia
Hondarribiko zaharren egoitza. Argazkia: Gipuzkoako Aldundia
Hondarribiko zaharren egoitza. Argazkia: Gipuzkoako Aldundia

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko erresidentzietan covid-19aren aurkako neurriak arinduko dituzte, eta astean gutxienez lau irteera eta senideen bi bisita egin ahal izango dira, zentro horietan pandemiaren egoera "nabarmen" aldatu delako.

EAEko covid-19aren koordinaziorako erakundeak (aldundiak eta Osasun Saila) gaur adostu du erresidentzietako neurriak malgutzea, egoiliarren eta langileen txertaketa prozesua amaitu ostean.

Orain arte, soilik Bizkaiko erresidentzietan arindu dituzte prebentzio neurriak, astean senideen hiru bisita eta bi paseo baimenduta, baina Gipuzkoan eta Araban LABIk ostiralean egingo duen bileraren zain zeuden neurriak hartzeko.

Dena den, eskumena duten erakundeek batzarra egin dute gaur eta hiru lurraldeetarako protokoloa ezarri dute. Ostiralean LABIri aurkeztuko diote horrek berretsi dezan, Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi duenez. Hala eta guztiz ere, Gipuzkoak eta Arabak bihartik aurrera jarriko dituzte martxan neurri berriak.

Adostu berri duten protokoloaren arabera, bisitetan bi senitarteko joan ahalko dira aldi berean, eta ez dute zertan beti pertsona berberak izan.

Baina ez da protokolo aringarririk egongo erresidentzia dagoen udalerria eremu gorrian sartuz gero, hau da, 100.000 biztanleko intzidentzia 500dik gorakoa bada.

Zentro bakoitzak maiztasunak eta bisiten aniztasuna erabakitzeko aukera izango du egoiliar bakoitzaren egoera pertsonalaren eta antolakuntza baliabideen arabera.

EAEn covid-19aren intzidentzia jaitsi delako eta txertaketaren eragina aintzat hartuta arindu dituzte prebentzio neurriak; izan ere, birusik ez dago uneotan Bizkaiko eta Gipuzkoako erresidentzietan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Adinekoentzako egoitzak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak