Gizartea -
Koronabirusa
Osasun Publikoko langileen % 78,5ek jaso dute txertoaren lehen dosia EAEn
Bigarren dosia, berriz, % 28,4k hartu dute. Osasun pribatuan % 32,6k jaso dute lehenengo dosia, eta Ertzaintzan % 47,6k.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Osakidetzako langileen % 28,4k jaso dute dagoeneko txertoaren bigarren dosia, eta % 78,5ek lehena. Osasun pribatuan, berriz, % 32,6k jaso dute lehenengo dosia, eta Ertzaintzan % 47,6k.
Astelehen honetan Osasun Sailak emandako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak 195.560 txerto jaso ditu: 149.760 Pfizer etxearenak, 7.900 Modernarenak eta 37.900 AstraZenecarenak.
Bigarren dosirako, baina, Pfizerren 22.236 txerto, Modernaren 2.950 eta AstraZenecaren 18.950 gorde dituzte. Guztira, beraz, 44.136 txerto gorde dituzte. Azken zazpi egunetako txertaketari dagokionez, Pfizerren 16.830 dosi, Modernaren 650 eta AstraZenecaren 10.000 erabili dituzte.
Orotara, 129.340 txerto jarri dituzte gaur arte Osakidetzako profesionalek: 120.429 Pfizerrenak, 4.770 Modernarenak eta 4.141 AstraZenecarenak. Horrek esan nahi du 47.238 pertsona daudela immunizatuta EAEn, txertoaren bi dosiak jaso ostean.
Bestalde, zentro soziosanitarioetako egoiliarren eta profesionalen % 96,3k jaso dute covid-19aren aurkako txertoaren bigarren dosia, eta % 97,3k lehena, Osasun Sailak jakinarazi duenez.