Gizartea -
Ebanista operazioa
Bizkaian arma trafikoan jarduten zuen talde bat desegin dute
Hamar miaketa egin dituzte, eta horietan 44 arma labur, gerrako 18 arma, 2 arma luze, etxean egindako su arma bat, eskuko 3 granada eta 3 isilgailu atzeman dituzte.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Bizkaian eta Valentzian arma trafikoan eta salmentan jarduten zuen talde bat desegin du Guardia Zibilak, eta zazpi pertsona atxilotu ditu horrekin lotuta. Guztira, 65 su arma konfiskatu dituzte, horietako batzuk gerran erabiltzeko modukoak: fusilak eta pistola metrailadoreak, adibidez. Gainera, metalezko 27.000 kartutxo atzeman dituzte.
Ebanista operazioaren bidez, armak merkatu ilegalera bideratzea eta delitugileei saltzea eragotzi dute, horrek herri-segurtasunari ekar liezaiokeen kalteen jakitun, EAEn Espainiako Gobernuak duen Ordezkaritzak azaldu duenez.
Hamar miaketa egin dituzte, eta horietan 44 arma labur, gerrako 18 arma, 2 arma luze, etxean egindako su arma bat, eskuko 3 granada eta 3 isilgailu atzeman dituzte.
Halaber, hainbat kanoi berri, morroilo eta armak berritzeko euskarriak zituen gordeta talde horrek, baita 298 kargagailu ere.
Iaz hasi zuten ikerketa, beste herrialde batzuetako polizia zerbitzuekin elkarlanean, eta horri esker jakin zuten Bizkaian bizi zen pertsona batek urteak zeramatzala internet bidez su armak saltzen.
Hain zuzen ere, 2012az geroztik armen trafikoagatik Espainian atxilotutako hainbat pertsonarekin lotura zeukan gizon horrek. Izan ere, armak berritzen eta berraktibatzen aritzen ziren guztiak, berriro ere erabilgarri egon zitezen. Behin konponduta, merkatu ilegalera bideratzen zituzten armak.