Gizartea -
Donostia
260 profesional izan dira AstraZenecaren dosia Illunben jaso duten lehenak
"Proba pilotu bat" abiatu du Osakidetzak Illunben, horrelako gune handi bat txertaketarako egokituz. Hezkuntzako langileez gain, udaltzain batzuei ere eman diete txertoa.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Dagoeneko lehen txertoak jarri dituzte Illunben, txertaketa masiborako Donostia Arenan prestatu duten gunean. Osakidetzak lehen aldiz erabiltzen du horrelako eremu handi bat covid-19aren txertoa jartzeko, eta txertaketari bultzada ematea da asmoa.
10:00etatik aurrera, bost profesionalek injekzioa injektatu diete Haur Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko irakasleei eta jangeletako zaintzaileei Illunben ezarri dituzten bi txertaketa-postuetan. Heziketa arloko langileez gain, udaltzain batzuek ere jaso dute sendagaia; eta guztira 260 izan dira gaur AstraZenecaren txertoa hartu duten 55 urtetik beherako pertsonak.
Donostian antolatutako azpiegiturarekin egunero 2.000 dosi emateko gai direla uste du Osakidetzak.
Oraingoz, "normaltasunez gertatzen ari da dena, eta ez da inolako eraginik antzeman txertoa jaso dutenen artean", esan du Carlos Barruso Donostialdeko ESIko zuzendariak, eta, azaldu duenez, Hezkuntzako langileez gain, "Donostiako eta inguruko udalerrietako udaltzaingoetako kide batzuei" ere jarri diete txertoa.
Aurreikuspenen arabera, ostiralera arte lanean jarraituko dute, dosien arabera, eta, oraingoz, ordu laurdenean behin 15 ziztada emango dituzte.
Hala ere, asmoa "hazten jarraitzea" eta Illunben immunizatutako pertsonen kopurua "hamar aldiz biderkatu ahal izatea" da, eta gune hori, gainera, beste txerto batzuk emateko prestatuta egongo litzateke, Barrusok azaldu duenez. Bestalde, esparruaren aukeraketaren arrazoia da hiriko jarduera ez duela eteten, lekua duela eta praktikoa dela aparkatzeko, garraio publikoan erabilerraza izateaz gain.
Gaur Donostian txertatutakoek maiatzaren 25ean jasoko dute bigarren dosia.
Jose Luis Quintas Osasun sailburuordeak joan den astean adierazi zuenez, AstraZenecaren bigarren dosiaren erreserba Pfizer eta Modernarentzat baino txikiagoa izango da, immunizaziorako beharrezkoak diren bi inokulazioen arteko aldia handiagoa delako, eta horrek injekzio-erritmoa handitzea ahalbidetzen duelako.
Bestalde, atzo Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan zuen txertaketa prozesua "azkartzea" dutela helburu Illunbeko gunearekin. Dena den, argi utzi zuen osasun zentroek izango dutela lehentasuna oraindik.
Sagarduiren hitzetan, 55 eta 65 urte bitarteko pertsona guztiek jasoko dute txertoa, nahiz eta onartu duen "baztertuta" senti daitezkeela, kontuan izanda talde gazteagoak txertatzen ari direla gaur egun. "AstraZenecako txertoak iritsi direlako hasi gara 55 urtez azpikoak txertatzen", azaldu zuen.
"Adin bakoitzerako egokiak diren txertoak jasotzen ditugun heinean, talde bakoitzari lehen dosia jartzen hasiko gara. Dosi gehiago iritsi eta berehala ekingo diogu txertaketari", erantsi zuen.
Bestalde, gaur goizean hasi dira 90 urtetik gorakoak txertatzen Euskal Autonomia Erkidegoan.