Gizartea -

Koronabirusa

Egoitzetako irteerak eta bisitak malguagoak dira gaurtik aurrera Bizkaian

Foru Aldundiak erresidentzietan aplikatu beharreko arau berriak argitaratu ditu, txertaketa burututa eta covid-19aren intzidentzia baxuagoa dela baieztatuta.

Bisita bat adinekoen egoitza batean. Argazkia: EFE
Bisita bat adinekoen egoitza batean.
Bisita bat adinekoen egoitza batean. Argazkia: EFE

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen erresidentzietako irteerak eta bisitak arautu ditu, gaur, martxoaren 1ean, indarrean sartu den Foru Arau berri baten bitartez.

Arau berrian, Aldundiak bisitak jasotzeko eta erresidentziatik kanpo irteteko aukera jasotzen du, horiek "egoiliarren osasun fisikoaren eta emozionalaren oinarrizko elementuak" baitira. Asmoa euren onura fisikoa eta emozionala maximizatzea da.

Foru Aldundiaren hitzetan, covid-19aren inguruko segurtasun neurriak egokitu dituzte, EAEko intzidentzia tasa 300 kasutik behera dagoenean, eta "beheranzko joeran", bereziki baxua egoitzetan, eta adinekoak txertatu ondoren.

Egoitzetan erabili duten Pfizerren txertoaren eraginkortasuna % 94,6koa dela gogorarazi du Foru Aldundiak, eta gaixotasunaren larritasuna baxuagoa dela. Arau berria soilik bigarren dosia eman eta 7 egunera aplikatuko da.

Bisitak

Foru Aldundiak azaldu duenez, egoiliar bakoitzak gehienez bi pertsonako bisitak jaso ahalko dituzte, eta betiere zentroetan egongo dira. Astean hiru aldiz egingo dira eta gehienez ordubetekoak izango dira, osasun neurriak hartuta. Bisita horien ordez irteerak egin daitezke egoera epidemiologikoak eta eguraldiak ahalbidetuz gero.

Egoiliarraren bizitzeko eremutik eta logelatik kanpo egin behar dira bisitak, ezinbesteko arrazoiengatik ez bada.

Aurrez aurre egindako bisitez gain, beste sistema telematiko batzuk ere erabiliko dira; bideodeiak, esaterako.

Edozein kasutan, egoiliar bakoitzaren pandemiaren aurretiko egoeraren arabera baimenduko ditu zentroak bisita edota irteeren maiztasuna eta aniztasuna.

Aldundiaren arabera, neurri orokor horiek ez dira indarrean egongo egoiliarren bizitzaren amaieran, senideei agur esateko aukera emateko.

Irteerak

Lehentasunez, paseo terapeutikoak izango dira, betiere leku itxiak eta jendetsuak saihestuta. Gehienez beste bi pertsonarekin egingo dira, senideak edo gertukoak, eta astean bi aldiz.

Prebentzio neurriak

Prebentzio planetan jasota dauden gainerako neurriek indarrean jarraituko dute Bizkaiko zentroetan, egoitzetan kutsatzeak ekiditeko.

Higienea, babesak eta distantziak mantenduko dira bisitetan eta irteeretan. Bisitariei tenperatura neurtuko diete eta sintomak dituzten galdetuko zaie.

Egoiliarrek musukoa luzaroan eramateko arazoak izanez gero, bisitetan egoiliarren eta senideen arteko distantzia mantenduko dela ziurtatuko dute, eta, ahal izanez gero, aire librean egingo dira.

Zentro bakoitzak dokumentu bat izango du, protokolo zehatza jasotzeko. Neurriak lurralde osoan aplikatu beharrekoak dira, baina zentro bakoitzeko edo inguruko egoera epidemiologikoaren arabera alda daitezke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gizarte zerbitzuak berriak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Txertoak Koronabirusa Adinekoak Bizkaiko Foru Aldundia