Gizartea -
Migrazioa
150 pertsona daramatzan ontzi bat galduta dabil Libiako kostaldean
"Hondoratzeko arrisku handia" dauka ontzi horrek, eta, meteorologia baldintza kaskarrak tarteko, zail dute bertan doazen pertsonekin hitz egitea.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
150 pertsona daramatzan ontzi batek alerta mezua bidali du Libiako kostaldetik, "Alarm Phone" gobernuz kanpoko erakundeak jakitera eman duenez. Etorkinek Mediterraneoan egin ohi dituzten joan-etorriak gerturik zaintzen ditu erakunde horrek.
Dirudienez, "hondoratzeko arrisku handia" dauka ontziak, eta, meteorologia baldintza kaskarrak tarteko, zail dute bertan doazen pertsonekin hitz egitea.
"Gutxi gorabehera non dauden jakitea soilik lortu dugu. Ontzian doazen pertsonen oihuak ere entzun ditugu. Horietako batzuk esan digute jende gehiegi doala bertan. Libiak agintariei eman diegu gertatutakoaren berri", erantsi dute.
Herrialde horrek, bestalde, baieztatu du dagoeneko jaso duela abisua, eta ziurtatu du hainbat lan-talde bidali dituela, xehetasun gehiagorik eman gabe
Asteartean, 94 etorkin atzeman zituzten bidean; horietatik 10 emakumeak eta 2 adingabeak. Haien asmoa zen Mediterraneoa ontzi "xume" batean zeharkatzea, baina porturatu egin zituzten, NBEak Libia herrialde "segurua ez dela" uste badu ere.
NBEari atxikitako aipatu agentziaren arabera, azken astean 1.315 etorkin erreskatatu edo atzeman dituzte, eta Libiara itzuli dituzte guztiak.