Gizartea -

Koronabirusa

Nafarroak gorakada nabarmena izan du positibo kopuruan, 82 zenbatzeraino

Hilaren 13ra arte egin behar da atzera kopuru handiago bat topatzeko. Dena dela, positibotasun tasak behera egin du, % 2,6an kokatu baita.

Osasun langile bat PCR proba bat egiten. Argazkia: EFE
Osasun langile bat PCR proba bat egiten.
Osasun langile bat PCR proba bat egiten. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan 82 positibo gehiago detektatu zituzten atzo, baina ez zen heriotzarik izan eta positibotasun-tasa % 2,6ra jaitsi da. Guztira 3.132 proba egin zituzten.

Bezperan baino 19 kasu gehiago dira, eta kezka gehien eragin ahal duena, duela astebete baino lau gehiago. Dena dela, duela bi asteko datuekin alderatuta, 16 positibo gutxiago dira.

Pandemia hasi zenetik 1.095 pertsona hil dira covid-19aren ondorioz eta 51.037 lagun kutsatu dira.

Kasu gehien Iruñerrian antzeman dituzte: %53. Zerrendan bigarren tokian ageri dira Tutera eta inguruko udalerriak (%11). Lizarraldean, berriz, ez da positiborik izan.

Adinari dagokionez, kutsatze gehienak 15 urtetik beherakoen artean (% 36) eta 45-59 adin tartean (%23) eman dira. Positibo berrien batez besteko adina 30,7 urtekoa da.

Osasunbideak jakinarazi duenez, 111 pertsona daude ospitalean ingresatuta covid-19aren ondorioz (atzo baino sei gutxiago), eta horietako 20 zainketa intentsiboetako unitatean daude (atzo baino bat gutxiago). Halaber, 22 lagun etxean daude ospitaleratuta.  

Txertaketa kanpainari dagokionez, atzo 2.923 dosi jarri zituzten. Nafarroako Gobernuak 67.825 dosi jaso ditu guztira, eta horietatik 57.639 ipini dituzte.

Datuek hobera egin dutela ikusita, koronabirusaren hedatzea geldiarazten saiatzeko hainbat neurri malgutzea erabaki zuen Foru Gobernuak joan den astean. Hala, bihartik aurrera ostalaritzako barrualdea zabalduko dute eta sei pertsona bildu ahalko dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko albisteak Nafarroa Tutera berriak Gaixotasunak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Osasunari buruzko albisteak Medikuak Altsasu azken ordukoa Erizaintza gaur Medizinak albisteak Txertoak azken ordukoa Zer gertatu da Barañain herrian? Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Anbulatorioak albisteak Osasunbidea gaur