Gizartea -
Koronabirusa
Sasoikako langile guztiei PCR probak egingo dizkiete Nafarroan
Barazkiak eta fruituak biltzeko kanpainatan lan egiten duten pertsonen artean kutsatzeak egotea saihestu nahi du Nafarroako Osasun kontseilaritzak.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Nafarroako Gobernuak eta nekazaritza sektoreak akordioa egin dute barazkiak eta fruituak batzen lan egiten duten sasoikako behargin guztiei PCR probak egiteko. Iaz ere neurri bera hartu zuten, langile horien artean covid-19aren kutsatze kasuak ematea saihesteko.
Proba doakoa izango da eta beharginak positibo ematen badu, Osasun kontseilaritzak aterpea eskainiko dio koarentena berme guztiekin egin dezan. Plaza edo Fuerte Principe hotelak baliatuko dituzte horretarako.
Laster zainzuria biltzen hasiko dira Nafarroan, eta ondoren etorriko dira fruituak, piperrak edo mahatsa batzeko kanpainak.
Akordioa Nafarroako Gobernuak eta UAGN eta UCAN nekazarien eta abeltzainen elkarteek sinatu dute. Itun horren arabera, langileei osasun eta lan baldintza egokiak bermatzeko konpromisoa hartu dute sektoreko enpresariek.