Gizartea -
Koronabirusa
Hasi da EAEn 100 urtetik gorakoen txertaketa kanpaina
Guztira, 25 txertaketa gune ezarri dituzte eta horietako hirutan autotik jaitsi gabe jaso ahal dute txertoa adinekoek. Arratsaldez eta asteburuz ere jarriko dituzte txertoak.
EITB MEDIA
Osakidetzak gaur ekin dio etxean bizi diren 100 urtetik gorako pertsonak txertatzeari. Horretarako, 25 txertaketa gune ezarri dituzte, eta hiru tokitan posible da gainera txertoa ibilgailutik jaitsi gabe hartzea (Donostia Ospitalean, Gipuzkoan; Santiago Ospitalean, Araban, eta Mungiako osasun-zentroan, Bizkaian). Arratsaldeetan eta asteburuetan ere jarriko dituzte txertoak.
Teresa Aguilar (107 urte) izan da Donostiako Bengoetxea kaleko Etengabeko Arreta Gunean txertoa jaso duen lehendabizikoetako bat.
Beatriz Arrillaga Bengoetxea kaleko Etengabeko Arreta Guneko ikuskatzaileak hedabideen aurrean azaldu duenez, lehen egunean 24 pertsona deitu dituzte, bat sei minuturo. Lehen dosia jaso ondoren, pertsona horiek 20 minutu itxaron dute erreakzio nabarmendik ez zutela ikusi arte. Txertoak 10:00etatik 14:30era jarri dituzte.
Guztira, 25 txertaketa gune ezarri dituzte, eta handitzeko aukera ere aurreikusi dute:
Araba
ARABAKO ESI-A: AUO Santiago (ibilgailuan joan eta bertatik atera gabe txertatzeko)
ARABAKO ERRIOXAKO ESI-A: Lezako ospitalea
Bizkaia
BARAKALDO-SESTAOKO ESI-A: Sestaoko, Barakaldoko eta La Paz osasun-zentroak
BARRUALDE-GALDAKAOKO ESI-A: Gernikako ospitalea; Galdakaoko, Basauriko, Laudioko eta Durangoko osasun-zentroak
URIBEKO ESI-A: Urdulizko ospitalea eta Mungiako osasun-zentroa (azken hori, ibilgailuan joan eta bertatik atera gabe txertatzeko)
BILBAO-BASURTOKO ESI-A: Begoñako osasun-zentroa
EZKERRALDEA-ENKARTERRI-GURUTZETAKO ESI-A: Buenavistako eta Kabiezesko osasun-zentroak
Gipuzkoa
DONOSTIALDEKO ESI-A: Donostia ospitalea (ibilgailuan joan eta bertatik atera gabe txertatzeko), Bengoetxea EAG eta Zarauzko DYA gela
GOIERRI-UROLA GARAIKO ESI-A: Zumarragako ospitalea eta Azkoitiko osasun-zentroa
TOLOSALDEKO ESI-A: Tolosako osasun-zentroa
DEBAGOIENEKO ESI-A: Arrasateko ospitalea
BIDASOAKO ESI-A: Irungo osasun-zentroa
DEBABARRENEKO ESI-A: Eibarko eta Mendaroko ospitaleak
Gainera, Osakidetzak lurralde bakoitzeko gune bat ezarri du; nagusiak beren ibilgailuan joan ahal dira gune horretara, eta txertoa ibilgailutik irten gabe emango zaie. Donostia Ospitalean (Gipuzkoa), Santiago Ospitalean (Araba) eta Mungiako osasun-zentroan (Bizkaia) daude gune horiek. Praktika hori eraginkorra bada, aurrerago gune gehiago ezartzea baloratuko da.
Txertaketa modu mailakatuan egingo dute. Hori dela eta, pixkanaka-pixkanaka pertsona horiekin harremanetan jarriko dira txertoa jartzeko eguna, tokia eta ordua emateko. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi duenez, ahal dela, "osasun zentroetan egingo dugu, baina posible ez den kasuetan, etxebizitzara joango gara".
Aste honetako txertaketa plana
Txertaketa kanpainari dagokionez, orain arte covid-19aren kontrako 117.098 txerto jarri ditu Osakidetzak: horietatik 71.697 lehen dosiak dira, eta 45.401, bigarrenak.
Aste honetan, talde hauek babestea aurreikusi dute: adineko zentroetako erabiltzaile eta langileak txertatzen amaitzea, Osakidetzako lehen lerrokoak ez diren beharginak immunizatzea ("Lehen lerroko guztiak babestuta daude, eta gainerakoen herena", Sagarduiren esanetan), osasun pribatuko lehen lerroko langileak txertatzen jarraitzea, baita funtsezko lanetan dabiltzan ertzain, udaltzain, suhiltzaile eta eguneko zentroetako langileena ere.