Gizartea -
Gotzone Sagardui
Hegoafrikako aldaeraren balizko kasu bat identifikatu dute EAEn
Antza, Euskal Autonomia Erkidegoz kanpo bizi den pertsona batek ekarri du aldaera. Oraingoz, baieztapenaren zain daudela aurreratu du Osasun sailburuak.
A. S. | EITB MEDIA
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak astearte honetan aurreratu duenez, Hegoafrikako aldaeraren balizko kasu baten zain daude EAEn. Gainera, lasaitasunerako deia egin die adineko pertsonei, izan ere, Osakidetza eurekin harremanetan jarriko da txertoa noiz eta non jarri behar duten jakinarazteko.
Gobernu bileraren ostean emandako prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Hegoafrikako aldaeraren balizko kasu baten berri eman du, baina baieztapenaren zain daude. "Oraindik ez daukat informazio hori", esan du.
Sailburuak aurreratu duenez, "EAEkoa ez den pertsona baten bidez" kutsatu den pertsona bat da. "Jatorria ez dago EAEn, baizik eta EAEra iritsi den beste pertsona batek kutsatu du". "Transmisio katea ondo identifikatuta dago", gaineratu du.
Britainiar aldaerari dagokionez, Sagarduik azaldu du oraindik ere hedatzen ari dela. Hala ere, sailburuaren arabera, txertoek ondo erantzuten diete aldaera horiei.
EAEko txertaketak aurrera jarraitzen du
EAEko txertaketaren inguruan, sailburuak esan du osasun publikoko profesionalen heren bat baino gehiago immunizatuta dagoela. Aste honetan "100 urte edo gehiago dituztenekin hasiko gara", gaineratu du. Aurreratutakoaren arabera, dagoeneko 15 txertaketa-puntu identifikatu dituzte.
Gainera, irisgarritasuna errazteko asmoz, txertoa arratsaldeetan eta asteburuetan ere jartzen hasiko direla aurreratu du sagarduik. Era berean, adinekoek ibilgailutik irten gabe txertoa jartzeko lurralde bakoitzeko puntu bat egongo dela jakinarazi du. "Adinekoei lasaitasuna eskatzen diet. Osakidetzak deituko die, eta esango die non eta noiz jarriko zaizkien txertoak. Ahal dela, bere osasun-zentroan ", gaineratu du.