Gizartea -
Koronabirusa
Euskadin saltzen diren maskara garden batzuk merkatutik kentzea eskatu dute
Laborategian egindako probek ondorioztatu zuten % 15,3ko efizientzia zuela bakterioak iragazteko, UNE-0065 arauak % 90etik gorakoa izatea eskatzen duenean.
E. G. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, KontsumoBIDEren bitartez, Euskadin saltzen den maskara garden edo saredun marka bat merkatutik kentzea eskatu du, etiketan jasotakoa betetzen ez duela aintzat hartuta. Izan ere, bakterioak iragazteko efizientzia arauaren araberakoa zela esan arren (% 90koa edo gehiagokoa), % 15ekoa zuen egiaz. KontsumoBIDEk ez du argitu zein marka den erretiratutakoa.
KontsumoBIDEk azterketa kanpaina abiatzea erabaki zuen musuko mota horiek sortutako zalantzen eta haien erabilera hedatu izanaren aurrean, eta maskara garden batzuen laginak onetsitako laborategi batera igorri zituen. Laborategiak bakterioak iragazteko efizientzia eta arnasgarritasuna, eta etiketan jasotakoak zuzenak ote ziren aztertu zuen.
UNE-0065:2020 arauak zehazten ditu maskara higieniko berrerabilgarriak egiteko irizpideak. Horren arabera, Bakterioak Iragazteko Efizientzia (BFE) % 90koa edo gehiagokoa izan behar da, eta arnasgarritasuna, % 60tik beherakoa. Aztertutako maskara saredun horrek % 15,3ko efizientzia zuen, araututakoaren halako sei.
Etiketak araudia betetzen ez zuela egiaztatu ondoren, KontsumoBIDE produktua fabrikatzen duen enpresarekin bildu zen txostenaren emaitzak jakinarazteko. "Enpresa, une oro, laguntzeko prest" azaldu zen, eta "produktua banatzailetatik eta salmenta-puntuetatik erretiratzeko" konpromisoa hartu zuen, KontsumoBIDEk ohar batean azaldu duenez.
Era berean, KontsumoBIDEk iragarri du aurki azterketa-kanpaina berri bat jarriko duela abian. Bertan, mota horretako maskara higienikoak ere aztertuko dituzte. Otsailaren 12an, ostirala, Kontsumo Ministerioak agindu berria argitaratu zuen maskara higienikoak merkaturatzeko eta informazioa emateko baldintzak finkatzeko. Agindu horren arabera, enpresek 30 eguneko epea dute xedapen berrietara egokitzeko. 30 eguneko epe hori amaitu ondoren, maskaren etiketaren inguruko KontsumoBIDEren azterketa-kanpaina hasiko da, eta zigorrak ezartzeko ahalmena izango du.