Gizartea -
SUTEA
Itzali dute Beran hasi eta Gipuzkoara eta Lapurdira zabaldutako sutea
Gauean botatako euriak Erlaitz mendian eta Nafarroan aktibo zeuden fokuak itzaltzea ahalbidetu du. Suteak 1.800 hektarea erre ditu Gipuzkoan, Nafarroan eta Lapurdin.
O. A. | EITB MEDIA
Azken orduotako euriak lagunduta itzali dute larunbatetik Bidasoaren bi aldeetan piztuta zegoen sute handia. Erlaitz mendiaren inguruan zeuden bi fokuak eta Nafarroan zegoen fronte aktibo bakarra kontrolpean hartzea eta itzaltzea lortu dute.
Larunbatean Beran hasitako sutea Gipuzkoara eta Lapurdira zabaldu zen. Guztira, 1.800 hektarea inguru erre ditu Gipuzkoan, Nafarroan eta Lapurdin.
Goizaldean, 00:48 aldera, Nafarroako suhiltzaileek erabat itzalitzat eman dituzte sugarrak eta erretiratu egin dira.
Iparraldeko haizeari eta azken orduetako euriari esker, Lesakan zeuden sugarrak itzaltzea lortu dute.
Suak kaltetutako azalera neurtzeko eta kalteak zenbatzeko garaia da orain. Ingurumen teknikariek eta basozainek egiaztatuko dute suaren eragina zenbatekoa izan den.
Gipuzkoako suhiltzaileek ere lanak amaitu dituzte eta erretiratu egin dira. Atzo arratsaldean, suhiltzaileek kontrolpean hartu zuten Gipuzkoako sutea, baina bi foku zeuden Erlaitz mendiaren inguruan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur egingo du sutearen inguruko balorazioa. Balorazio horren zain, 400 hektarea inguru erre dira asteburuan, urteko batezbestekoaren hirukoitza.
"Zoritxarrez, erretako eremu gehiena bertako basoa da, eta, beraz, gure ondare naturalaren galera larria da", esan du Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak.
Ez da kalte pertsonalik izan eta suak ez du etxebizitzarik edo bordarik kaltetu. Irungo Bidasoa auzora hurbildu zen sua, eta bertan 38 baserri, bi jatetxe eta enpresa bat hustu zituzten. Hala ere, atzoko egunean zehar bizilagunak etxera itzuli ahal izan ziren.
Lapurdin, ostera, atzo arratsalderako lortu zuten suteak mendean hartzea. Orotara, 800 hektarea erre dira Lapurdin.
Ikerketa
Garrak itzalita, kalteak zenbatzeko eta sua nola piztu zen argitzen hasteko unea da. Sua Beran hasi zen eta Foruzaingoak hartu du ikerketaren ardura. Aitor Elexpuru Berako alkateak Euskadi Irratian aurreratu duenez, "nahita piztutako suteak dira, asmo txarrez hasitakoak".