Gizartea -
SUTEA
Kontrolpean dago Beran hasitako sutea Gipuzkoako eta Lapurdiko zatietan
Oraindik ere bi foku aktibo daude Erlaitz mendian (Gipuzkoa), hori bai. Nafarroan frote aktibo bakarra geratzen da. Suteak 1.800 hektarea erre dituela kalkulatzen da Gipuzkoan, Nafarroan eta Lapurdin.
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Aurreikuspenak bete eta gauean euria egingo duenaren esperantzan, sua itzaltzeko lanak aurrera joan dira arratsaldean zehar eta badirudi, larunbatetik hona 1.800 hektarea baso kiskali dituen sute handia amaitzear egon daitekeela (400 hektarea Gipuzkoan, 900 Nafarroan eta 800 Lapurdin).
Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileek kontrolpean hartu dute sua Gipuzkoako aldean. Sutea ez dago oraindik itzalita, Erlaitz mendiaren inguruan bi foku daudelako, baina inguruko baserrientzat ez dagoela jada arriskurik jakinarazi dute.
Eider Mendoza Aldundiko bozeramaileak azaldu duenez, datozen orduetan euria espero da eta haizearen norabidea aldatuko da, "eta horrek sua itzaltzeko lanetan lagunduko du".
Segurtasun Sailak EAEko Baso-Suteetarako plana desaktibatu du 19:00ak aldera.
Nafarroako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, berriz, "une honetan su teknikoarekin lan egiten ari dira Nafarroan dagoen fronte aktibo bakarrean. Gainerako fronteetan likidazio eta kontrol fasean gaude, eta litekeena da hemendik aurrera meteorologiak sua itzaltzeko lanak erraztea".
Lapurdin ere su gune guztiak itzali dituzte, Azkainekoa izan ezik, baina hori ere kontrolpean dago.
Sutea kontrolatu ondoren, kalteak zenbatu eta ikerketa hasteko unea izango da, baina lehen susmoak zabaldu dira. Aitor Elexpuru Berako alkateak Euskadi Irratian aurreratu duenez, "Nahita piztutako suteak dira, asmo txarrez hasitakoak".
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak elkarlana eskaini dio Nafarroako Gobernuari, gertatutakoa argitzeko.
Era berean, Baionako Fiskaltzak ikerketa abiatuko duela iragarri zuen atzo bertan.