Gizartea -

SUTEA

Aitor Elexpuru, Berako alkatea: "Nahita piztutako suteak direla uste dugu"

Beran hasitako suteak 2.600 baso hektarea erre ahal izan ditu Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdi artean. Arratsaldean haizea baretu eta eguraldia aldatzeko zain dira suhiltzaileak.

Endarlatza erretzen ari den sutearen foku bat. Argazkia: EFE
Endarlatza erretzen ari den sutearen argazkia.
Sutearen inguruko bizilagun gehienak euren etxeetan dira jada

2:12

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo goizean Beran piztutako suteak indarrean jarraitzen du. Haize zakarra medio, Nafarroako mugatik Gipuzkoara eta Iparraldera igaro ostean, gutxienez 1.600 hektarea erre ditu azken orduetan, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, eta gauean zehar kontrolpean geratzen joan den arren, goizean haize boladak indartzearekin batera, bizitu egin dira sugarrak hainbat tokitan. Gipuzkoan gutxienez beste 300 hektarea erre dira eta Iparraldeko datuak argi ez badaude ere, iturri batzuk 700 hektarea ere aipatu dituzte.

Haizea baretzeko zain dira oraintxe suhiltzaile, agintari eta herritarrak. Arratsaldean egoera aldatu eta iluntzean euria egin dezake iragarpenen arabera, eta horren zain dira suhiltzaileak, herritarrak eta agintariak.

Behin sutea kontrolatzea lortuz gero, kalteak zenbatu eta ikerketa abiatzeko garaia izango da, baina susmo txarrak azaleratu dira jada. Aitor Elexpuru Berako alkateak Euskadi Irratian aurreratu duenez, "nahita piztutako suteak direla" uste dute, "intentzio txarrarekin piztutakoak".

Egoera konplikatuena Lesaka (Nafarroa) eta Endarlatsa (Gipuzkoa) artean dago une honetan. Iparraldean atzo baino askoz hobea da egoera. "Une honetan su teknikoarekin ari dira lanean, Nafarroan aktibo dagoen fronte bakarrean. Gainerako fronteetan likidazio eta kontrol fasean gaude, eta litekeena da arratsaldetik aurrera meteorologiak sua itzaltzeko lanak erraztea" azaldu dute Nafarroako suhiltzaileek 16: 00ak aldera.

Gipuzkoan, Irungo Zaisa industrialdean jarritako aginte-postu mugikorretik ari dira lanak koordinatzen.

Hiru foku daude une honetan indarrean Endarlatsa inguruan. Atzo 38 baserri hustu behar izan zituzten Bidasoa auzoan eta 40 bat lagunek etxetik kanpo lo egin behar izan dute. Ugaitz Iturbe suhiltzaileen inspektoreordeak Euskadi Irratiari adierazi dionez, guztiak itzuli dira jada euren etxeetara, 9 baserritakoak izan ezik. Suhiltzaileak baserriak babesten ari dira orain hiru puntutan, baita Endarlatsa inguruko ermita bat ere. Iturbek gutxienez 300 hektarea erre direla Gipuzkoan ohartarazi du.

Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak azaldu duenez, sutea "egonkortu" egin da Gipuzkoan, baina ez dago oraindik kontrolpean. Mendozak azaldu duenez, haizea apur bat baretu da eta tenperaturak behera egin izanak "asko lagundu du" egoera egonkortzen. Dena dela, segurtasunagatik, herritarrei Aiako Harrietara eta sutearen zonaldera ez inguratzeko eskatu du Gipuzkoako Aldundiak.

Josu Erkoreka Segurtasun sailburu eta lehendakariordea Irungo operatiboa koordinatzen duen postuan izan da gaur goizean eta erakundeen arteako koordinazioa goraipatu du bertatik.

Nafarroan, Beran dago babes zibileko aginte postu aurreratua. Sutearen iturburuan kontrolatuta dago jada egoera. Ibardin aldean etxebizitza, baserri eta borda batzuk hustu behar izan zituzten atzo, baina arriskutik kanpo daude.

Lesaka aldetik Gipuzkoa aldera dago une honetan sua indartsuen eta inguru horretan ari dira suhiltzaileak gogorren lanean. Egunak aurrera egin ahala haizea baretzeko itxaropena dute, horrek ura botatzen duten helikopteroak martxan jarri ahal izatea ekarriko bailuke, baina ez dago batere garbi hori posible izango ote den. Badaezpada ere, berriz ere hegazkin bereziak eskatu dizkio Nafarroako Gobernuak Espainiakoari. Atzo ere hala egin zuten, baina haizea zela eta, iritsi baino 13 kilometro lehenago, buelta hartu eta Torrejonera itzuli ziren. Oraingoz, haizeak ez du uzten hidrohegazkinik erabiltzen.

Larrialdietarako Aholku Batzordea berriro bilduko da gaur sutearen egoera eta bilakaera aztertzeko. Atzo arratsaldeko lehen orduan izandako bileran, Maria Chivite Nafarroako presidenteak eta Javier Remirez presidenteorde eta Presidentetza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak hartu zuten parte telematikoki.

Baso Suteetarako Larrialdi Planaren 2. maila aktibatu zuten atzo eta Espainiako Larrialdietarako Unitate Militarrak (UME) ere iritsi zen Berara, Cordovilla, Oronoz, Bera eta Lesakako suhiltzaileekin batera aritzeko. Boluntario asko ere ari dira lanean. UMEk Baztango frontean lan egin du, atzo piztutako beste sute batean.

bera

Berako aginte postua. Argazkia: Patxi Irigoyen | EITB Media

Lapurdin, asko hobetu da egoera atzo bizi izan zenarekin alderatuta. Azkaine eta Urruña arteko sutea kontrolpean dago eta Ziburumendi eta Larhun azpiko suteak ere bai baina egoera larria da oraindik Azkaine inguruan, goizean zehar berpiztu egin baita sua. Horregatik, mendira ez joateko eskatu diete inguru horietako herritarrei.

Atzo hainbat bizilagun euren etxeetatik atera behar izan zituzten Azkainen eta gutxienez 68 mendizale ebakuatu. Iparraldeko suhiltzaileek Landetako errefortzuak jaso zituzten. 100 suhiltzaile inguru ari dira suak erabat kontrolatu eta itzali nahiean.

Baionako Fiskaltzak adierazi du ikerketa abiaraziko duela suteak eragindako kalteengatik.

Jean Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidenteak "erreketa deskontrolatuei" egotzi die gertatuaren ardura:

Azkaine eta Urruña arteko bideak itxita jarraitzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Nafarroa Suteak Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Nafarroako Gobernua Foruzaingoa Suhiltzaileak azken ordukoa Lapurdiko berriak