Gizartea -

Sua Nafarroan

"Kontrolpean" daude Erratzu eta Amaiur inguruko suteak

Erratzu eta Arizkun arteko fokuak zaintzen ari dira orain. Alkurruntzeko sutea zaintzarik gabe dago, baina errekara iristen denean itzaliko dela uste dute.

Sutea Erratzun (Nafarroa). Argazkia: Euskadi Irratia |EiTB Media
Sutea Erratzun (Nafarroa). Argazkia: Euskadi Irratia |EiTB Media
Sutea Erratzun (Nafarroa). Argazkia: Euskadi Irratia |EiTB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Baztango Udalak goizean zehar "kontrolik gabeko" suteak daudela eta "egoera larria" dela ohartarazi eta gero, nolabaiteko lasaiatasuna iritsi da eskualdera. Euskadi Irratiak jakitera eman duenez, 16:00ak alderako "kontrolpean" zituzten eskualdean piztutako fokuak.

Atzo gauean piztu zen sutea Erratzun eta Oronozko suhiltzaileak gau osoan lanean aritu eta gero, 08:30 alderako kontrolpean hartzea lortu dute. Ordu horretan Alkurruntzen eta Oronozen foku batzuk piztuta zeuden oraindik eta haizeak zaildu egin ditu itzaltzeko lanak. Goizean zehar, suhiltzaileek Berara alde egin behar izan dute, han beste sute handi bat piztu delako eta sua berriz bizitu egin da zonaldean.

Baztango Udalak SOS mezua zabaldu du: "Suteei aurre egiteko suhiltzaile plantilla handitu den arren, ez da nahikoa izaten ari, eta haizea dela eta helikopteroak ezin dira hegatu". "Momentu hauetan istripuren bat balego edo etxebizitzaren batek su hartuko balu ezin izanen da behar bezala lagundu", gaineratu du.

Azkenean, bizilagunek sugarrei eutsi ahal izan diete, eta Imanol Etxeberria Arizkungo alkateak Euskadi Irratiari jakitera eman dionez, 16:00ak aldera "kontrolatutzat" eman dituzte fokuak, itzalita ez bazeuden ere. Irratian egindako adierazpenetan, alkateak azaldu du horrelako sute handi batean, duela 30 urte, Gobernutik jaso zituzten tresnak erabili behar izan dituztela gaur.

Erratzu eta Arizkun arteko sutea kontrolpean eta zainduta dago. Alkurruntzekoa zaintzarik gabe dago, baina ibaira iristean sua itzaltzea espero dute.

Estatuko Meteorologia Agentziak (Aemet) abisua eman zuen atzo, Nafarroako iparraldean eta erdialdean 80 km/h-ko haize-ufadak izan zitezkeela ohartarazteko, eta erkidego osoan baso-suteen arriskua handia zela jakinarazteko. Haizeak, azkenean 100-120ko indarra ere hartu du zenbait momentutan eta horrek asko zaildu du suteak itzaltzea. Alerta indarrean egongo da bihar eguerdira arte.

Sutea Bertizko Natur parkean

Bertizko Natur parketik gertu ere beste sute bat izan da bart. Sute handia piztu zen atzo iluntzean, 21:00ak inguruan Oteixon eta Nafarroako Suhiltzaileak eta basozainak  bertan aritu dira gau osoan sua itzaltzeko lanetan. Lehen zantzuen arabera, gutxienez, 25 hektarea lur erre dira.

2020ko urritik, Bertizko Natur Parkea itxita dago, garbiketa lanak direla eta. Haizete handi baten ondorioz, zuhaitz asko erori eta kalte handiak izan ziren. Hori dela eta,  ingurua garbitzen ari dira, eta natur parkerako bideak eta bidezidorrak itxita daude azken hilabeteotan.

Foru Gobernuak asteon jakitera eman duenez, aste honetan bertan berrekin diete berriro garbiketa lanei, Aste Santurako prest izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Baztan