Gizartea -

Koronabirusa

100 urtetik gorako 1800 pertsonaren txertaketa abiatuko dute datorren astean

Osakidetza telefonoz jarriko da harremanetan pertsona horiekin, osasun-zentroen bidez, hitzordua emateko.

Aurreneko txertaketen irudiak EAEn. Artxiboko argazkia: EFE/EiTB Media
Aurreneko txertaketen irudiak EAEn. Artxiboko argazkia: EFE/EiTB Media
Aurreneko txertaketen irudiak EAEn. Artxiboko argazkia: EFE/EiTB Media

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetza adineko pertsonak txertatzen hasiko da datorren astean. 80 urtetik gorako pertsonen kolektiboa oso zabala da Euskadin: 160 000 lagun baino gehiago. Hori dela eta, txertoa adin tarteen arabera mailakatuko da, eta zaharrenetatik hasiko da: 100 urtetik gorako pertsonak. Euskadik 1800 pertsona inguru ditu adin tarte horretan.

Osakidetza telefonoz jarriko da harremanetan pertsona horiekin, osasun-zentroen bidez, hitzordua planifikatzeko, Osasun Sailak ohar batean azaldu duenez. "Txertatu zaitez – Babestu nazazu" leloa izango du kanpainak.

Erreferentziazko 25 txertaketa-puntu

Osakidetza lanean ari da erreferentziazko txertaketa-puntuak ezartzeko. Asmoa da erakunde sanitario integratu bakoitzeko behinik behin 2 egotea. Gutxienez 25 izango lirateke Euskadin, Osakidetzaren sareko osasun-zentroetan.

Hitzordua jaso ondoren, ahal duten pertsonak txertaketa-gune horietara hurbilduko dira eta han jarriko zaie txertoa. Baina, zailtasunak dituzten edo ezin duten pertsonen kasuan, Osakidetza haien etxera hurbilduko da.

Hala ere, ahal dela, txertaketa-guneetako aurrez aurreko txertaketa kudeatuko da, “dosiak manipulatzea delikatua delako eta ezin delako bat bera ere alferrik galdu”.

Dosi bat bera ere alferrik ez galtzeko

Osakidetzak 100 urtetik gorako pertsona bilatuko du eta, dosi bat bera ere alferrik ez galtzeko, gainerakoak ingurunean bizi den kolektibo bereko pertsonei (80 urtetik gorakoak) emango zaizkie. Pertsona guztiei jakinaraziko zaie eta hitzordua emango zaie. Une honetan planifikatzen ari den zerbait da.

Euskadik covid-19aren aurkako txertaketa-prozesuarekin jarraitzen du, eta dagoeneko 113 000 dosi eman ditu. Aste honetan, egoitzen kolektiboa immunizatzen jarraitu da eta Osakidetzako eta sare pribatuko osasun-profesionalen artean dosiak eman dira, baita funtsezkotzat jotzen diren langileen artean ere: asteazkenean, 55 urtetik beherako ertzainen txertaketari ekin zitzaion (55 urtekoak barne), eta gaur, berriz, profesionalen txertaketa hastekoa da eguneko zentro batzuetan.

Anbulantzietako langile azpikontratatuak

Bestalde, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak iragarri duenez, Osakidetzari larrialdi eta anbulantzia zerbitzuak eskaintzen dizkioten azpikontratetako langileak datorren astean hasiko dira Pfizer edo Moderna txertoa jasotzen; izan ere, txertaketa protokoloaren arabera, osasun sektoreko beharginak dira, “pandemiaren aurrean, lehen lerroan daudelako”.

Anbulantzietako langileen txertaketaren inguruan galdetu dio Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak Osasun sailburuari Legebiltzarreko kontrol saioan. “Nahiz eta lehen lerroan eta pazienteekin harreman zuzena izan, ez dute lehentasunik” Osasun Sailaren txertaketa egutegian, salatu duenez.

Udaltzainak eta ertzainak anbulantzietako langileak baino lehen txertatzea “iraingarria” dela uste du Uberak. Irizpidea “ebidentzia zientifikoren baten ondorio” ote den galdetu du koalizioko legebiltzarkideak ironiaz.

Sagarduik jakinarazi duenez, “lehen lerroan” dauden Osakidetzako anbulantzien larrialdi langileak txertoa jasotzen ari dira dagoeneko. Datorren astean larrialdi eta anbulantzia zerbitzuak eskaintzen dituzten azpikontratetako beharginak txertatzen hasiko direla aurreratu du sailburuak.

Era berean, anbulantzietako langileak Osakidetzako beharginak direla azaldu du Sagarduik, beraz, ez diete AstraZenecaren txertoa emanen, Pfizer edo Modernarena baizik. “Ez beste lantaldeekin nahastu”, eskatu dio EH Bilduko legebiltzarkideari.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak