Gizartea -
KORONABIRUSA
Hasi da eguneko zentroetako langileen txertaketa EAEn
Donostiako Nuestra Señora de las Mercedes eguneko zentroan ekin diote txertaketari. Han, 20 bat langilek jaso dute AstraZenecak garatutako txertoaren lehen dosia.
EITB MEDIA
Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko eguneko zentroetako langileei covid-19aren kontrako txertoa jartzen hasi da gaur Osakidetza. AstraZenecaren txertoa jartzen ari dira 55 urtetik beherako beharginei. Aurreikuspenen arabera, udaltzainei eta etxez etxeko laguntzako langileei jarriko diete ondoren britainiar farmazia-enpresaren dosia.
Aldundiekin elkarlanean hasi dute txertaketa eguneko zentroetan, Osasun Sailak hala eskatuta. Besteak beste, eta prozesua azkartze aldera, lurralde bakoitzeko zentroetako langileak ari dira txertoa jartzen, DYA elkarteko beharginen laguntzarekin.
Egoitzetan bizi ez diren 80 urtetik gorako herritarren txertaketari dagokionez, berriz, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan du datorren astean hasiko direla kolektibo horri txertoa jartzen; 100 urtetik gorakoekin ekingo diote prozesuari. Orotara, 80 urtetik gorako 152.000 pertsona inguru bizi dira Euskadin adinekoen egoitzetatik kanpo.
Halaber, Sagarduik baieztatu zuenez, Osakidetzan lehen lerroan lanean ari diren langile guztiak ezin izan dituzte txertatu, EAEra ez baitira Pfizer eta Moderna etxeen "behar beste txerto" iritsi. Osasun zerbitzu publikoko beharginen % 45ek jaso dute txertoa orain arte. Aste honetan, bestalde, arlo pribatuan lehen lerroan ari diren langileak txertatzen hasi dira.
Hain zuzen, Pfizerren eta Modernaren 132.000 dosi jaso ditu Osakidetzak kanpaina hasi zenetik, eta horietako 24.000 gordeta ditu, lehen txertoa jaso dutenei bigarren txertoa "bermatzeko".
Lehen 20 langileak txertatu dituzte Gipuzkoan
Donostiako Nuestra Señora de las Mercedes eguneko zentroan ekin diote txertaketari. Han, 20 bat langilek jaso dute AstraZenecak garatutako txertoaren lehen dosia. Langile horiek guztiak 55 urtetik beherakoak dira.
Astelehenetik aurrera, Gipuzkoako eguneko beste 63 zentrotara zabalduko dute txertaketa, Foru Aldundiak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Bigarren dosia, protolokoa betez, 10-12 aste barru jarriko diete.
100 urtetik gorako 1.800 pertsonaren txertaketa
Osakidetza adineko pertsonak txertatzen hasiko da datorren astean. 80 urtetik gorako pertsonen kolektiboa oso zabala da Euskadin: 160.000 lagun baino gehiago. Hori dela eta, txertoa adin tarteen arabera mailakatuko da, eta zaharrenetatik hasiko dira: 100 urtetik gorako pertsonak. Euskadik 1.800 pertsona inguru ditu adin tarte horretan.
Osakidetza telefonoz jarriko da harremanetan pertsona horiekin, osasun-zentroen bidez, hitzordua planifikatzeko, Osasun Sailak ohar batean azaldu duenez. "Txertatu zaitez – Babestu nazazu" leloa izango du kanpainak.