Gizartea -

GIPUZKOA

Hirugarrenez zigortu dute Kote Cabezudo, oraingoan justiziari trabak jartzeagatik

Interneteko zerbitzari batean gordetzen zituen hainbat irudi eta bideo sexual ezabatzen saiatu zen, Ertzaintzak eskuratu ez zitzan. 425 euroko isuna ezarri diote horregatik.

Kote Cabezudoren biktimen Gipuzkoako Justizia Jauregiaren paren egindako bilkura bat. Argazkia: EFE
Kote Cabezudoren biktimen Gipuzkoako Justizia Jauregiaren paren egindako bilkura bat.
Kote Cabezudoren biktimen Gipuzkoako Justizia Jauregiaren paren egindako bilkura bat. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kote Cabezudo argazkilari donostiarrari 425 euroko isuna ezarri diote, justiziari trabak jartzen saiatu izana leporatuta.

Dagoeneko hiru aldiz zigortu dute. Bi ebazpen irmoak dira eta hirugarrenaren aurka bere defentsak aurkeztu zuen helegitea aztertzen ari dira Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Laugarren epai bat noiz aterako zain dago, eta oraindik beste bi epaiketa egin behar dizkiote.  

Hogei bat modelori iruzurra eta sexu-delituak egiteagatik ikerketapean dago. Auzi nagusiaren ikerketa 2013an abiatu zuten. Cabezudori 47 delitu leporatzen dizkiote, baina oraindik ez dute epaiketarako data zehaztu.

Auzi printzipal horretatik abiatuta beste hainbat prozesu judizial ireki zizkioten, eta horietako baten epaiketa asteazken honetan egin dute Donostiako epaitegian, justiziari traba egiten saiatzeagatik.

EFE agentziak azaldu duenez, 2014ko uztailaren 30ean, Ertzaintzak Cabezudoren etxea miatu zuen euskarri informatikoetan omen zeukan "material pornografikoa" konfiskatzeko asmoz.

Alabaina, Interneteko zerbitzari  batean ere gordetzen zituen bere biktimei ateratako irudiak eta Ertzaintza eskuratu aurretik artxibo guztiak borratzen ahalegindu zen.

Gaurko saioan, Cabezudok dena aitortu du eta Fiskaltzak eta akusazio partikularrak egindako zigor-eskaria onartu du: justiziari traba egiten saiatzeagatik 425 euroko isuna ordaindu beharko du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Indarkeria matxista Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Sexu erasoak