Gizartea -
Koronabirusa
Eguneko zentroetako langileen txertaketa ostiralean hasiko da EAEn
"Jarraian" udaltzainen eta etxeko laguntza zerbitzuko beharginen txanda izango da.
agentziak | eitb media
EAEko eguneko zentroetako langileen txertaketa ostiralean hasiko da, AstraZenecaren covid-19aren aurkako lehen dosiarekin, eta "jarraian" txertatuko dituzte udaltzainak eta etxeko laguntza zerbitzuetako beharginak, eksumena duten erakundeekin egutegia adostu ostean.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak agerraldia egin du Legebiltzarreko batzordean pandemiaren eboluzioaren berri emateko, eta iragarri du datorren astean espero zuten Modernaren dosien erdiak jasoko dituztela, 810 hain zuzen ere, baina horrek ez duela immunizazioa arriskuan jarriko, bigarren dosiaren "stock estrategikoari" esker.
EAEn dauden, eta erresidentzietan bizi ez diren, 80 urtetik gorako 162.000 pertsonen txertaketari dagokionez, Sagarduik jakinarazi du datorren astean 100 urtetik gorakoekin hasiko direla, eta ondoren 95etik gorakoekin jarraituko dutela, errenkadan.
Sagarduik esan du aldaera britainiarrarenak direla positiboen % 20, eta horregatik eguneratu egingo dutela sekuentziazio protokoloa laborategietan, aldaera hori kutsakorragoa den ala ez egiaztatzeko.
Azpimarratu du AstraZenecaren 4.500 dosiak jasotzen hasi direla 55 urtetik beherako ertzainak, eta ertzain guztien % 60 dela hori. Datozen egunetan erabakiko dute eguneko zentroetako eta etxeko laguntza zerbitzuetako langileen eta udaltzainen txertaketarako egutegia.
Adineko pertsonentzako eguneko zentroetako langileak izango dira lehen dosia jasotzen lehenak, eta ostiralean hasi nahi dute prozesua.
Osakidetzako lehen lerroko osasun langileen txertaketa ez dutela amaitu aitortu du, baina azaldu du Pfizerren eta Modernaren nahikoa txerto ez dituztelako jaso izan dela. Osakidetzako langileen % 45 txertatu dute, eta dagoeneko hasi dira sare pribatuko osasun langileak txertatzen.
Ez du datarik "aurreikusi" nahi izan txertaketa erritmoaren inguruan, Osasun Sailaren "kontroletik erabat kanpo dauden kontuengatik baldintzatuta" dagoelako. Horregatik, gaineratu du ez dela "gaitasun kontua, baizik eskuragarritasunarena".
EAEko txertaketan eta gainerako erkidegoetan "erritmo desberdinak" dituztela, baina kolektiboen lehentasuna Osasun Publikoaren Batzordean zehaztutakoa dela azaldu du.
Oposizioko alderdiek kritikak egin dizkiote txertaketa prozesuari. Rebeka Uberak (EH Bildu) esan du Gurutzetako Ospitalean lehenago txertatzen ari direla idazkaritzako langileak gaixoak zuzenean artatzen dituzten osasun profesionalak baino.
Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUkoak ez du zalantzan jarri dosiak gordetzeko estrategia, baina bai egutegia, zeren anbulantzietako langileak ez dituzte txertatu, nahiz eta "lehen lehen lerroan egon".
Laura Garridok (PP) uste du txertaketa modu "kaotikoan" egiten ari direla, "oso erritmo motelean", egitasmo zehatzik gabe eta kolektiboak lehenesterakoan "desordenarekin".