Gizartea -
KORONABIRUSA
Europar Batasunak Moderna txertoaren 300 milioi dosi gehiago jasoko ditu
Farmazialari estatubatuarrarekin iaz adostutako 160 milioi dosiei gehituko zaizkie. Bestalde, Pfizer eta BioNtech enpresek EBri 200 milioi dosi gehigarri emango dizkietela iragarri dute.
N.B. | EITB MEDIA
Europako Batzordeak akordioa lortu du asteazken honetan Moderna farmazialari estatubatuarrarekin, covid-19aren aurkako txertoaren 300 milioi dosi gehiago eskuratzeko, eta enpresarekin iaz adostutako 160 milioi dosiei gehituko zaizkie.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak prentsaurreko batean egin du iragarpena, koronabirusaren aldaera berrien aurkako txertoen ikerketa, ekoizpena eta baimena bultzatzeko Europar Batasunaren estrategia berria aurkezteko.
"Gaur, Europako Batzordeak bigarren kontratu bat onartu du Modernarekin, covid-19aren aurkako txertoaren 300 milioi dosi gehiago erosteko, albiste onak dira", adierazi du alemaniarrak.
Zehazki, 2021ean 150 milioi dosi erostea eta 2022an beste 150 milioi dosi erosteko aukera adostu du Europako Batzordeak AEBko laborategiarekin. Modernarekin egindako lehen kontratuan, txertoaren 160 milioi dosi hornituko zituela esan zuen EBk.
Moderna-txertoa Europar Batasunean baimendutako bigarrena izan zen, aurtengo urtarrilaren hasieran, eta ordutik blokeko herrialdeen artean banatzen eta Europako biztanleak hornitzen ari da.
Hain zuzen ere, konpainia farmazeutikoak Europako Batzordeari "atzerapen" batzuen ondorioz Europar Batasuneko estatu kideei otsailerako aurreikusitako dosien hornidura murriztu beharko diela jakinarazi eta egun batera iragarri dute, baina martxoan arazo horiek konpentsatuko dituela esan du.
Halaber, EBko estatuei txertoaren 200 milioi dosi gehigarri emango dizkietela iragarri dute asteazken honetan Pfizer eta BioNtech enpresek, Europar Batasuneko Gobernuarekin ere kontratua itxi ostean.