Gizartea -
koronabirusa
Osasun Ministerioak 45-55 urtekoak sartu ditu txertaketa egitasmoan
Adin tarte horietako pertsonei AstraZenecaren seruma emango diete.
E. G. | EITB MEDIA
Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak covid-19aren aurkako txertaketa estrategian lehentasunezko lau talde berri erantsi ditu gaur. Honakoak dira: 70 eta 79 urte bitartekoak, 60-69koak, eta 60 urtetik beherako arrisku handiko gaixoak. Horiei guztiak Pfizer eta Moderna farmazia-etxeen serumarekin babestuko dituzte. Laugarren talde bat ere badago: 45 eta 55 urte bitartekoak. Azken horiei AstraZenecaren txertoa emango diete.
Osasun Publikoaren Batzordea gaur bildu da, eta EFEri azaldu diotenez, laster zehaztuko dituzte gaixo kronikoen inguruko irizpideak. Txertoen Erregistro eta Programen lantaldeari dagokio erabakia.
Otsailaren 9an eguneratu zuen Ministerioak azkenengoz txertaketa estrategia. Orduan zehaztu zituen orain arteko lehentasunezko taldeak: adinekoen zentroetako langile eta erabiltzaileak, lehen lerroko osasun langileak eta langile soziosanitarioak, beste osasun langileak, menpekotasun handia dutenak eta 80 urtetik gorakoak.
Batzordeak gaur ebatzi duenez, lehen hiru taldeetako pertsonak (70-79 urtekoak, 60-69 urtekoak eta 60 urtetik beherako arrisku handikoak) Pfizer eta Moderna enpresen serumarekin txertatuko dituzte. 45-55 urtekoek, berriz, AstraZenecarena jasoko dute. Gaur-gaurkoz, 55 urtetik beherako ezinbesteko langileei ematen diete.
Ordena zehaztu badute ere, ikuskizun dago noiz jasoko duten taldeok txertoa. Izan ere, prestakin kopuruak eta txertaketa erritmoak baldintzatuko du.