Gizartea -

KORONABIRUSA

71 pertsona hil dira Euskadin azken astean, aurrekoan baino 28 gutxiago

Azken lau asteetako kopururik txikiena da. Positiboak 499ra igo dira, baina ospitaleko presioa, positibotasuna, intzidentzia-tasa metatua eta ugalketa-indizea jaitsi egin dira.

Ehorztetxe bateko langileaK covid biktimen gorpuzkiekin. Argazkia: EFE.
Ehorztetxe bateko langileAK covid biktimen gorpuzkiekin.
Ehorztetxe bateko langileaK covid biktimen gorpuzkiekin. Argazkia: EFE.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eraginda, 71 pertsona hil dira Euskadin azken astean, aurrekoan baino 28 lagun gutxiago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera. Gainera, asistentzia-presioak ere joera positiboa du; izan ere, bederatzi gaixo gutxiago daude zainketa intentsiboetako unitateetan, eta 17 gutxiago, gela arruntetan ospitaleratuta.

Eguneko datuei dagokienez, asteartean 10.874 test diagnostiko egin zituzten, eta 499 positibo atzeman dituzte: 327 Bizkaian, 109 Gipuzkoan, 56 Araban eta zazpi EAEtik kanpokoak.

Horrela, positibotasun tasa % 4,6koa da, eta astelehenean, berriz, % 4,7koa.

Bi asteko intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du, eta 424,83an dago. Hiru lurraldeek beheranzko joera dute: 100.000 biztanleko, Bizkaian 464,04 kasu izan dira, Araban 386,12 eta Gipuzkoan 361,99.

Bilbo da gune gorrian dagoen hiriburu bakarra, 100.000 biztanleko 506,5 kasurekin, eta Gasteizen eta Donostian kasuen kopuruak behera egin dute 422 eta 338,8raino, hurrenez hurren.

Oinarrizko ugalketa kopuruak ere beheranzko bilakaera du, asteartean 0,79koa izan baita, bezperan baino hamarren bat txikiagoa.

Asistentzia-presioa pixkanaka hobetzen ari da, azken orduetan 61 ospitaleratze izan badira ere (aurreko egunean baino bat gehiago). Asteartean, 421 pertsona zeuden ospitaleratuta, astelehenean baino 17 gutxiago, eta zainketa intentsiboetako unitateetan 168 gaixo izatetik 159 izatera pasatu dira.

Bestalde, otsailaren 8tik 14ra bitarteko astean metatutako datuen arabera, 71 gaixo hil dira (hamar pertsona inguru egunean) covid-19aren eraginez, joan den asteko 99 heriotzen azpitik eta azken lau asteetako kopururik baxuena.

Gune gorrian dauden 5.000 biztanletik gorako EAEko udalerriei dagokienez, 18 udalerri izatetik 15 izatera pasatu dira, eta Araban dagoeneko ez dago bat ere eremu gorrian.

Bizkaian, 10 herri daude egoera txarrenean (13 ziren bezperan), Basauri eta Gorliz atera eta Ondarroa sartu ondoren, Bilbo, Berango, Bermeo, Derio, Getxo, Gueñes, Leioa, Ondarroa, Santurtzi eta Sopelarekin batera.

Gipuzkoan, eremu gorrian dauden herriak 7 izatetik 6 izatera igaro dira Lasarte-Oriako egoera hobetu egin baita. Astigarraga, Bergara, Elgoibar, Legazpi, Lezo eta Oñati daude zerrenda horretan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak