Gizartea -
Ministroen Kontseilua
Elizak immatrikulatutako ondasunei erreklamazioa egiteko aukera ireki du Espainiak
PSOEk urteak zeramatzan immatrikulatutako ondasunen zerrenda argitara zezatela eskatzen, eta 2017an Kongresuak lege proposamen bat onartu zuen, Gobernua horretara behartzen duena.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
1998 eta 2015 urteen artean Elizak immatrikulatutako ondasunen zerrenda igorri dio astearte honetan Ministroen Kontseiluak Kongresuari. Horrela, 34.961 ondasun horiei erreklamazioa egiteko aukera ireki du Espainiako Gobernuak.
eldiario.es egunkariak argitaratu eta Efe albiste agentziak zabaldu duen informazioaren arabera, Carmen Calvo Gobernuko lehen presidenteordeak aurkeztu du txostena gaurko Gobernu Kontseiluan.
PSOEk urteak zeramatzan immatrikulatutako ondasunen zerrenda argitara zezatela eskatzen, eta 2017an Kongresuak lege proposamen bat onartu zuen, Gobernua horretara behartzen duena.
Zehazki, lege proposamen horren bidez aldarrikatu zuten ondasun horiek Jabetza Erregistroan zerrendatzeko beharra. Hain zuzen ere, 1998tik aurrera immatrikulatutako ondasunak kontuan hartzeko eskatu zuten. Izan ere, garai hartan Jose Maria Aznarrek zuzendutako Gobernuak hipoteken legea berritu zuen.
Lege horretaz baliatuta, hainbat eraikin, apartamentu eta lursail bere izenean jarri zituen Elizak.
Alabaina, gaur Gobernuak Kongresuari bidalitako txostenari esker, zerrenda hori publikoa izango da aurrerantzean.
"Urrats mugatua da gaurko hau"
Nafarroako ondarearen aldeko plataformaren ustez, "urrats mugatua" da astearte honetan Espainiako Gobernuak eman duena, prozesu "oso luzea" baitu aurretik.
Andres Valentin plataforma horretako bozeramaileak azaldu du "nahitaezkoa" dela, 1946tik hasita, jabetza erregistroen ohar guztiak berreskuratzea.