Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Larunbatean Pasaian emakume bati eraso sexista egin ziotela salatu dute

Etxera itzultzen ari zenean eraso zioten. Gipuzkoako udalerri horretako Harremantxo talde feministak eta Gipuzkoako erakundeek erasoa salatu eta arbuiatu dute.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pasaiako (Gipuzkoa) Harremantxo talde feministak herriko emakume batek larunbatean etxera itzultzen ari zenean jasan zuen eraso sexista salatu du. Kolektiboak elkarretaratzea egin zuen igandean, erasoa salatzeko eta arbuiatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du salaketarekin, eta erasoaren aurrean "gaitzespen irmoa" egin du eta biktimari "gertutasuna eta elkartasuna" agertu dizkie, baita horren senide eta adiskideei ere.

Gipuzkoako Emakumeen aurkako Indarkeriaren aurrean Erantzun Publikoa egiteko protokoloa betez, Aldundiak bat egin du Pasaiako Udalak astelehen honetan egindako adierazpen instituzionalarekin.

Foru erakundeak azpimarratu du eraso horien atzean emakumeen eta gizonen arteko berdintasun falta eta emakumeak menderatu eta kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak daudela.

Gaineratu duenez, "gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta pertsonaren askatasuna eta osotasun fisikoa errespetatzea eskubide ukiezinak dira; horien aurka egiten duten jokabideek ez dute lekurik gure gizartean, bidegabeak eta sumingarriak dira", eta "indarkeria matxistaren aurkako konpromiso aktiboari eusteko beharra" berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Pasaia Albisteak Matxismoa Feminismoa